Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek grebara "are indartsuago" itzuliko direla adierazi dute

243 greba egunen ostean, salbuespen egoeraren argudiopean, greba uztera behartuak izan dira Gipuzkoako egoitzetako langileak. Asteotan, "erabateko babesgabetasun egoeran" utzi dituztela salatu dute zaintzaren sektorean soldatapean jarduten dutenek, eta soldata-arrakalaren aurkako borroka azpimarratzeaz gain, krisialdian zehar pairatu duten "muturreko egoera" utzi dute agerian. Larrialdian ere "zenbaitzuk gure aitona-amonen kontura izugarri aberasten" ari direla salatu dute.
Argazki Nagusia
Gipuzkoako egoitzetako langileak zabor poltsez egindako jantziekin. Argazkia: El Diario Norte
2020ko maiatzaren 13a

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako beharginek "grebaren beharrizana" berretsi dute. Krisialdi honetan "egoera zaurgarrian" aurkitu direla salatu dute: herrialde osoko ia 50 egoitzetan hauteman dira Covid-19 kasuak, eta oraingoz, 167 lagun zendu dira zahar etxeetan.

Salbuespen egoerak grebaldiaren 243. egunean harrapatu zituen beharginak. Hala, mobilizazioak bertan behera utzi eta lanera itzuli behar izan zuten. Azken hilabeteotako jarduna "bereziki gogorra" izan dela jakinarazi dute. Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose egoitzan, adibidez, 25 pertsona hiltzeaz gain, sei izan dira probarik egin gabe zendu diren egoiliarrak. Hori gutxi balitz, zazpi behargin eraman behar izan dituzte ospitalera, gaitzak jota.

Soldata-arrakala

Gipuzkoan gutxienez 5.000 langile dira adinekoen egoitzetan soldatapean dihardutenak, eta hainbatetan salatu izan dutenez, emakumeak dira gehienak. Jasaten duten soldata-arrakala %30ekoa da sektore pribatuan jarduten duten gizonezkoekin alderatuz gero. Hala, urtean 6.000 euro gutxiago kobratzen ditu lan berdina egiten duen edozein emakumek.

Baliabiderik gabe

Osasun-larrialdian, egoitzetan "langile falta" egon dela nabarmendu dute. Arlo horretan neurririk ez hartzeak, kasu ugaritan eragin du "behargin bakarrak 20 pertsona zaindu beharra". Gainera, "material falta nabarmenak" zabor poltsaz eginiko jantziak inprobisatzera derrigortu dituela ere ohartarazi dute.

Negozioaren mesedetan

"Badirudi bost axola duela zer gertatzen zaigun egoitzetan gauden adinekoei eta beharginoi", kexatu da Donostiako (Gipuzkoa) egoitza batean aritzen den Ana Sastre El Diario egunkarian. Ordiziako San Juan egoitzako langile Ana Merchanen arabera, osasun-larrialdiaren eta "gure aitona-amonen kontura izugarri aberasten ari dira zenbaitzuk".