AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ecuador Etxea
2021/03/09 11:03

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Gasteizko (Araba) campusean egingo dute 2021eko Herri Unibertsitate nazionala, martxoaren 16tik 17ra bitartean. Ikasle mugimenduak azaldu duenez, "oztopo eta zailtasunak ugariak izan dira" oraingoan, baina hala ere, urteroko ekimenari helduko diote ehunka ikaslek. Antolatzaileen esanetan, "jakintzaren hazia ereitea eta ezagutza hedatzea" izanen da egitasmoaren xedea.


Deialdia zabaldu eta egun gutxira argitaratu du Herri Unibertsitateak egitarau osoa. Eragile ugarik hartuko dute parte; tartean, sortu berri den Ekida kultur ekimen sozialista aurkeztuko dute, Itaiak "ekarpen politiko bat" egingo dio emakumearen auziari, eta mahai-ingurua egingo dute Herrialde Katalanetako SEPC ikasle sindikatuak eta Ikasle Abertzaleakek, "ikasle mugimenduaren eta bere erronken" inguruan jarduteko. Gazte Koordinadora Sozialistak, Arranek, Castellak eta Jaleok, berriz, gazte antolakundeen nazioarteko mahai-ingurua osatuko dute.


Antolakundeek ez ezik, hainbat norbanakok ere emango dituzte hitzaldiak aurtengo Herri Unibertsitatean; hala nola, Miren Etxezarreta ekonomialariak "egungo kapitalismoaren joerez" hitz egingo du; Juan Iñigo Carrera pentsalari marxista argentinarrak "kapital harremana eta langile klasea subjektu iraultzaile gisa" aztertuko ditu; eta Carmen Parejo kazetaria Myanmarreko estatu-kolpearen inguruan arituko da.

EZ DAGO IRUZKINIK