AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Etxebizitza Sindikatua
2020/12/08 10:00

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak uztailean jakinarazi zuen Los Herran kaleko eraikin bat birjabetu zutela "beste aukerarik ez zuten" hainbat lagunek. Horren aurretik, hamar urtez egon da hutsik eraikina. Gaur egun, bost familiak (20 pertsona inguru) dute bizilekutzat blokea, eta uztailetik hona, "antolakuntzaren bidez etxeak konpontzeaz gain, elkartasunean oinarritutako elkarbizitza eraiki" dute.

Agerraldia egin zuten atzo Etxebizitza Sindikatuko kideek, eta modu horretan eman zuten une honetako egoeraren berri: etxegabetze arriskuan daude etxebizitza birjabetuko bizilagunak. Bost etxebizitzetako bi "berehala" hustuko dituzte, express kaleratzeen prozeduraren bidez. Honakoa litzateke, Gasteizen, ekinbide azkar horren aurreneko kasuetako bat.

"Formula juridiko horren bidez, bertan bizi diren pertsonak erantzuteko aukerarik gabe uzten ditu. Ez dute defentsarik; ez dago abokaturik ezta epaiketarik ere, eta bost egunean etxeko titularitatea egiaztatzera behartuta daude. Jokaldi horren bidez, jabeek erabili gabe dituzten espazioak unean bertan berreskuratzen dituzte, horrek bost familia kale gorrian uztea dakarren arren", adierazi dute sindikatuko kideek.

MEZU ARGIA

Kaleratzeari data zehatza jarri ez badiote ere, edozein unetan izan daitekeela ohartarazi dute. Etxebizitza Sindikatuak azaldu du harremanetan jarri zirela etxebizitzen jabeekin, zenbait aukera mahaigaineratzeko; hala nola, "alokairu sozial bat" edota lagapen bat. "Jabeek, aldiz, ez dute horretaz ezer jakin nahi izan, eta haien mezua argia izan da: kalera".

Bestalde, sindikatuak ohartarazi du "egunerokotasunean frogatu" ahal izan dutela "saturatuta" daudela "aterperako larrialdi-zerbitzuak", eta "asko" direla "kale gorrian lo egitera behartuta dauden pertsonak". Hortaz, salatu dute "inolako bizileku alternatibarik gabe" etxegabetuko dituztela Los Herran kaleko eraikin birjabetuan bizi diren 20 pertsonak.

"Guretzat argi  dago  zein  den  konponbidea:  alternatibarik gabe, ez dago kaleratzerik. Hau da, udalak kalitatezko eta iraunkorra den aterpe alternatiba bat eskaintzen ez duen bitartean, ez dauka inolako zentzurik kaleratzeak aurrera eramateak", diote.

LANGILE KONTROL ZUZENA

Etxebizitza Sindikatuak seinalatu du "jabetza pribatua" dela "zentzugabekeria hau birproduzitzen duena", eta "instituzio burges orok defendatzen" duela. Hala, "salatze hutsarekin nahikoa ez" dela iritzita, "basakeria hori gainditzeko" ezinbestekotzat jo dute "proletalgoaren antolakuntza independentea", "biziraute baliabide guztien gain kontrola eskuratuko duena".

"Zentzu horretan, etxebizitzaren defentsa eta kontrol zuzeneko borroka prozesuak bideratzen ditugu, proletalgoaren bizi-baldintzak, partzialki behintzat, hobetzeko exijentzia konkretuak planteatuz", nabarmendu du sindikatuak. "Kaleratzeen aurrean", azkenik, "langile kontrola" aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK