AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/11/09 17:42

Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxearen okupazioaren harira, Tolosako Gazte Asanbladako kide bat epaitua izango da abenduaren 18an. Izatez, epaiketa pasa den ekainean egitekoa bazen ere, atzeratu egin zuten pandemiaren testuinguruan ezarri zuten salbuespen egoera zela eta.

Tolosaldeko Gazte Fronteak (TGF) aurreko ikasturte politikoan abiatu zuen Tolosako Ezpala eta Aiztondoko Kaxilda gaztetxeak defendatzeko borroka, eta ordutik, lanean dihardute bi espazio horien defentsan. TGFko kideek adierazi dutenez, "egunerokotasunean, langilegoaren bizi baldintzetan hobekuntzak lortzeko bidean" jarduten duten hainbat eragilerentzat, Ezpala, "ezinbesteko espazioa" da. Halaber, jardun politikoa modu egokian gauzatu ahal izateko gaztetxearen egokitzapen lanak egin izan dituzte; besteak beste, Gazte Koordinadora Sozialistarekin elkarlanean egindako lan egunak nabarmendu daitezke. "Auzolan horien bidez, eraikinaren egoeran aurrerapausoak antzeman daitezke".

Egoera horren aurrean, TGFko kideek Ezpala gaztetxearen defentsan antolatzeko deia luzatu dute, eta bide batez, eskerrak eman dizkiote orain arte babesa adierazi duen orori. 

ERASOALDI OROKORTUA

Tolosaldeko Gazte Frontearen esanetan, Tolosako gaztetxearen aurkako erasoa ez da kasu isolatu bat; krisi testuinguruan langileria jasaten ari den zuzeneko erasoaldia "oso nabarmena" dela adierazi du. Oldarraldi horren baitan ulertzen dituzte langile kontrolpeko espazioetan jasaten ari diren erasoak. Besteak beste, gogoan izan dituzte Bilboko (Bizkaia) Etxarri II gaztetxearen aurkako huste agindua, Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulo gaztetxea eraisteko mehatxua zein Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelaren desalojo arriskua.