GKSk deituta, Gipuzkoa osoko hamarnaka gazte elkartu dira larunbatean Tolosan, Ezpala gaztetxean azpiegitura lanekin laguntzeko

Gazte Koordinadora Sozialistaren deialdiari erantzunez, Gipuzkoako hamarnaka lagun bildu dira Tolosako Ezpala gaztetxean, auzolanean aritzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, "ezinbestekoa da gazte langileok gure praktika politikoak aurrera eramateko espazioak egokitzea". Helburu horrekin, hainbat lan egin dituzte elkarrekin Ezpalan.
Argazki Nagusia
Ezpala gaztetxean, azpiegitura lanetan
2019ko azaroaren 11a

Iragan larunbaterako, azaroak 9, lan eguna antolatu zuten Gazte Koordinadora Sozialistak eta Tolosako (Gipuzkoa) Ezpala gaztetxeko kideek, elkarrekin. Hala, Gipuzkoako hamaika txokotako hainbat gazte lanean aritu ziren egun osoan, goizean goizetik hasita. Adierazi dutenez, askotarikoak izan ziren bertan egindako lanak; hala nola, "elektrizitatean, iturgintza lanetan, margoketa lanetan, bilera gelak txukuntzen, igeltseritza lanetan, eta bertan zeuden hondakinak kentzen" jardun zuten Ezpalara bertaratutako gazteek.

Larunbatekoa ez da Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu duen aurreneko lan eguna izan, eta mota horretako ekimenekin jarraitzeko asmoa azaldu dute: "Azken hilabeteotan egiten ari garen modura, aurrerantzean ere, lan egunak prestatzen jarraituko dugu". "Beharrezkoa da gazte langileok praktika politikoak gauzatu ahal izateko espazioak izatea", diote. Horregatik, "beharrezkotzat" jo dute espazio bakoitzak dituen beharrak "identifikatzea" eta "behar horiek asetzeko" baliabideak martxan jartzea.

Ezpalako kideek asteburuko lan egunaren inguruko "balorazio positiboa" egin dute, eta adierazi dute esku artean dituzten proiektuak gauzatu ahal izateko "aurrerapen nabarmenak" izan direla auzolanari esker. Era berean, azpimarratu dute "garrantzitsuak" direla horrelako lan egunak, "elkartasuna praktikan jartzeko".