AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @EurocopaHoniEz
2021/03/11 10:32

Eurocopa Honi Ez plataformak atzo egin zuen deialdia: apirilaren 10ean Bilbon (Bizkaia) mobilizatzera deitu zuen, Guztion artean gelditu dezagun! aldarripean. Bilbo izan daiteke Eurocopa futbol txapelketaren egoitzetako bat, eta datorren apiril hasieran hartuko du horren gaineko erabakia UEFAk. Orain arteko asmoekin aurrera egingo balu, San Mames zelaian jokatuko lituzke lehen faseko partiduak Espainiako futbol selekzioak, eta zelai horretan jokatuko litzateke final-zortzirenetako norgehiagoka bat ere.

Eurocopa Honi Ezek abenduan abiatutako kanpainari lotuta egingo litzateke apirileko manifestazioa. Plataformako kideek berriz azaldu dute ez direla "geldirik geratuko" ekitaldi horrek "areagotuko duen errepresioaren eta militarizazioaren aurrean", ez eta "nazio zapalkuntza eta izaera faxista" oinarri duten taldeen presentziaren aurrean.

Plataformak abenduan salatu zuen aurrera jarraitzen zuela Eurocopa jokatzeko asmoak, "osasun-egoerak okerrera egin arren". "Garbi dago kapitalaren lehentasuna ez dela osasuna, etekin ekonomikoa baizik, eta sistema kapitalistan bateraezinak direla nabarmena da", adierazi zuen. Bestalde, salatu zuen "burgesiak Euskal Herria bere interesen neurrira eraikitako erakusleiho bihurtu" nahi duela beste behin, kasu honetan, "futbola erabiliz". "Hori onura ekonomikoaren izenean egiten badu ere, badakigu aberastasuna ez dela langileriarentzako izango, langileriaren gaineko dominazioan sakontzeko baizik", zioen.