AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/12/01 11:50

"Pandemia garaian, inoiz baino ozenago diogu: Eurocopa honi ez". Eurocopa futbol txapelketa Bilbon (Bizkaia) egiteko aukerak mahai gainean jarraitzen duen honetan, kanpaina berria jarri du martxan Eurocopa Honi Ez plataformak, Gelditu dezagun izenpean. COVID-19aren testuinguruan "Eurocopak aurrera jarraitzen duela" salatu dute plataformako kideek, azpimarratuz beste behin ere "burgesiak Euskal Herria bere interesen neurrira eraikitako erakusleiho bihurtu" nahi duela, kasu honetan, "futbola erabiliz horretarako". "Hori onura ekonomikoaren izenean egiten badu ere, badakigu aberastasuna ez dela langileriarentzako izango, langileriaren gaineko dominazioan sakontzeko baizik", azaldu dute.

Horrez gain, gaitzetsi dute Espainiako eta Frantziako estatuetako selekzioek jokatuko luketela txapelketan, "euskal langileriaren proiektu nazionala ukatzen" dutenak.

POBREZIA, ASKATASUNEN MURRIZTEA ETA KRIMINALIZAZIOA

"Osasun-egoerak okerrera egin arren agintariak Eurocopa egitea pentsatzen egotea" adierazgarria dela diote plataformako kideek: "Garbi dago kapitalaren lehentasuna ez dela osasuna, etekin ekonomikoa baizik, eta sistema kapitalistan bateraezinak direla nabarmena da".

Bestalde, salatu dutenez, txapelketa egiteko aukerak bere horretan jarraitzen duen arren, indarrean dauden neurriek mugatu egiten dute "Eurocopa honi aurre egiteko aukera" eta, orokorrean, "antolakuntza politikoa". "Askatasun politikoak murriztu" dituztela salatu du Eurocopa Honi Ezek, hain zuzen, "pobrezia orokortzen ari den eta proletarizazio prozesu bat bizitzen ari garen honetan".

Gainera, plataformak seinalatu du "gizartea kriminalizatzen dihardutela", modu horretan, "benetako kriminalak, burgesia, zuritzeko". "Langileriarengan ardura guztia jarri ondoren, haiek Eurocopa lasai asko jokatu nahi dute, etekinen dinamika eten ez dadin kaleak militarizatuz, estatu polizial-militarra ezarriz beste behin ere".