Eman diete hasiera Nafarroako Gazte Topaketei

‘Sarea ehundu, elkartasuna antolatu’ lemapean, Berriozarren eta Errotxapeako Gaztetxean egingo dituzte aurtengo Nafarroako Gazte Topaketak. Bi eguneko egitaraua prestatu dute gazte asanbladek eta bestelako gazte kolektiboek, “herrien arteko elkartasuna antolatzea, proiektuak ezagutzea, indartzea eta Nafarroa mailan sarea ehuntzea” ipar. “Langileriaren antolakuntzaren beharra” azpimarratu dute.
Argazki Nagusia
Nafarroako Gazte Topaketak
2019ko apirilaren 26a

Gaur, ostirala, eman diete hasiera Nafarroako Gazte Topaketei, Sarea ehundu, elkartasuna antolatu lemapean. Pasa den apirilean Iruñerria mailan hasi zuten hausnarketa eta eztabaida prozesutik erdietsi dute ekimena. “Lokalismoarekin apurtuz”, “herrialde mailan sarea zabaltzearen beharraz” jabetu direla azaldu dute Nafarroako gazte asanbladek eta bestelako gazte kolektiboek: “Gaur egun kapitalismoak bizi duen krisi testuinguruan, langileriaren antolakuntzaren beharra inoiz baino handiagoa da”. Hala, bi eguneko egitaraua prestatu dute asteburu honetarako, Berriozarren, “herrien arteko elkartasuna antolatzea, proiektuak ezagutzea, indartzea, eta nola ez, Nafarroa mailan sarea ehuntzea” ipar.

Gaur goizean abiatu dute Nafarroako Gazte Topaketetako egitaraua, 11:30ean. Karrikan saioa, bazkaria eta gazte problematikaren inguruko hitzaldia eta eztabaida izan dituzte. 19:00etan tailerrekin hasiko dira, eta gauerako afaria eta eskaintza kulturala antolatu dituzte. Hain zuzen, jam sessiona, mendi irteera eta ikasteko aukera izango dira.

Biharko ere, larunbata, egun osoko egitaraua prestatu dute Berriozarren. 08:30ean gosalduko dute, eta 09:30ean bi hitzaldi izango dira, aldi berean: alde batetik, apustu etxeei buruzkoa Madrilgo Moratalaz D-14ko kideen eskutik, eta bestetik, etxebizitzari buruzkoa, Gasteizko Birjabetze Kolektiboa proiektuko kideen eskutik. 11:30ean gaztetxeen inguruan arituko dira, eta Iruñerriko Gaztetxe Koordinadorako lagunek hartuko dute hitza. 13:30ean Errotxapeako Gaztetxera mugituko dira guztiak, eta bertan, bazkaria egingo dute. Jarraian, auzolana eta serigrafia tailerra izango dira gaztetxean, eta 20:30ean emango diote amaiera egitarauari, eta horrekin batera, aurtengo Nafarroako Gazte Topaketei.