EHUren arautegiko 12.2 artikulua aldatzea lortu du UIBk

12.2 artikuluaren aldaketa onartu du EHUko Gobernu Kontseiluak. Hala, datorren ikasturtetik aurrera, azterketa baten deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek nahikoa izango dute azken probara ez aurkeztearekin. Martxoan aurkeztu zuten Unibertsitateko Indar Batasuna, "unibertsitateko langileon hobekuntza material eta zehatzak erdiesteko", "erantzun bateratua" antolatuz. 12.2 artikulua aldatzearen aldeko borroka izan da UIBren lehenengo heldulekua, eta dagoeneko iragarri dituzte datorren ikasturteari begirako erronkak.
Argazki Nagusia
UIBko hainbat kidek Arabako Campusean gaur egindako agerraldia. Argazkia: UIB
2019ko maiatzaren 31a

Unibertsitateko Indar Batasunako hainbat kidek prentsaurrekoa egin dute gaur, ostirala, Arabako Campusean. Bertan azaldu dutenez, EHUko Gobernu Kontseiluak 12.2 artikuluaren behin betiko aldaketa onartu zuen atzo. Hurrengo ikasturtetik aurrera jarriko dute indarrean aldaketa; hala, azterketa baten deialdiari uko egin nahi dioten ikasleek nahikoa izango dute azken probara ez aurkeztearekin, ebaluazio osoaren %40 baino gehiago balio duten azterketen kasuan, behintzat.

12.2 artikuluaren aurkako borroka, UIBren eskutik

Aurtengo martxoan Unibertsitateko Indar Batasunaren sorreraren berri eman zuten Hego Euskal Herriko campusetako zenbait ikaslek. Helburu argi bat nabarmendu zuten hasieratik; unibertsitate eremuan pairatzen dituzten "ezintasunen, mugen eta zapalkuntzen" aurrean, "erantzun bateratua" antolatzea. "Unibertsitateko langileon hobekuntza material eta zehatzak erdiesteko" jaio zen UIB, eta 12.2 artikulua aldatzearen aldeko borroka izan zen lehenengo heldulekua.

Azken hilabeteotan, 7.500 ikasle ingururen sinadurak bildu ditu UIBk, artikulua aldatzeko eskatzen. Bestalde, mobilizazioak ere egin dituzte, esaterako, Gasteizen (Araba). "Egindako lanak eta ikasleon batasunak" artikuluaren aldaketa lortzea ahalbidetu dutela adierazi dute gaurko agerraldian.

Aurrera eta datorren ikasturteari begira

Hala ere, oraindik, langileen eta zehazki ikasleen baldintzen alde asko dagoela egiteko azpimarratu dute: "Langileon baldintzak gero eta prekarioagoak dira, eta egoerak okerrera besterik ez du egingo langileok ez bagara elkartzen eta ez badugu horren guztiaren aurka lan egiten".

Hala, gogoan izan dituzte "hilabete amaierara iristea kostatzen zaien garbitzaileak, kopistegiko langileak edota kafetegiak ixtera behartuta dauden langileak, zein beraien lanagatik beka murritzak jasotzen dituzten ikertzaileak eta unibertsitateko ikasketak ordaintzea dakarren kostu guztiari aurre egiteko zailtasunak dituzten ikasleak".

Datorren ikasturtean, UIBren helburu nagusia izango da aipatutako sektore horien guztien baldintzen alde antolatzen eta borrokatzen jarraitzea.

12.2 artikuluaren aldaketa, "lehen pausoa"

EHUko Gobernu Kontseiluak atzo onartutako aldaketekin, ondorengoa izango da 12.2 artikulua datorren ikasturtetik aurrera: 

Etengabeko ebaluazioaren kasuan, azterketa deialdirako ezarritako data ofizialean egingo den proba osagarri bat egotekotan eta horrek %40 baino gehiago balio duen kasuetan, probara ez aurkezte hutsak ekarriko du automatikoki kasuan kasuko deialdiari uko egitea. Azken probak %40 baino gutxiago balio duenean berriz, irakasgaiaren irakaskuntza aldia bukatu baino, gutxienez, hilabete lehenago egin beharko dute eskaria. Eskari hori idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen irakasleari.

Ikasleen ebaluazio prozesuan autonomia handiagoa izateko "lehen pausotzat" jo du artikuluaren aldaketa UIBk. Hala ere, oraindik, ebaluaziorako arautegiko hamaika puntu eztabaidatu beharra dagoela ohartarazi dute; hala nola, ebaluazio jarraituaren izaera, azterketa eredua edota ebaluazio irizpideak.

UIBko kideek azaldu dutenez, ebaluaziorako egungo arautegiak "ikasleek etorkizuneko lanpostuan beharrezkoak izango dituzten diziplinamendu, erritmo azkar, nagusiaren behar eta nahiaren arabera bizitza moldatzeko" pentsatuta daude, eta baita "lehia bortitza barneratzeko" ere.