AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/28 12:53

Covid-19 birusaren krisitik eratorritako ofentsibak "ondorio larriak" izan ditu langileentzat, Durangaldeko (Bizkaia) Beharginon Autodefentsa Sareko kideek azaldu dutenez. "Asko dira osasuna arriskuan jarriz lanpostura joan behar dutenak, edo prebentzio neurririk gabe lan egitera behartuta daudenak. Ugariak dira ere, krisiaren zama langileengan jartzeko darabiltzaten trikimailuak, oporrak hartzera derrigortzea kasu", diote. Gainera, lan erregulazio txostenen bidez 100.000 langile baino gehiago kaleratu dituztela gogorarazi dute, baita inon kontabilizatuta ez dauden beste asko ere.

Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Saretik, beraz, beharrezkotzat jo dute "salbuespen egoerak eragin dituen edo eragingo dituen egoera ezberdinen aurrean erantzuteko baliabideak eskaintzea". Horretarako, baliagarria izan daitekeen informazioa zabaldu dute sare sozialetan.

Bestalde, erasoei erantzun bat emateko babesgabe edo bakarrik dagoen behargin orori luzatu diote BASekin harremanetan jartzeko deia; "bakarrik lortu ezin dezakeguna elkarlanean lortu dezakegu eta". "Erasoen aurrean beharginok erne izan eta autodefentsaz erantzuteko unea da", gaineratu dute.

BASekin harremanetan jartzeko:

  • Telefono zenbakia: 657035661 (Whatsapp)
  • Email-a: beharginokautodefentsa@gmail.com
  • Facebook: Beharginon Autodefentsa Sarea – BAS
  • Instagram: @ba_sarea

Iazko azaroan aurkeztu zuten Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sarea, "presio sozialaren bitartez garaipenak lortzea" helburu.