AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/11/26 17:42
Beharginon Autodefentsa Sarea, BAS, sortu berri dute Durangaldean (Bizkaia). Langile klasearen baitan "batasun eza" agerikoa dela azpimarratu dute eta, "bakoitza bere arazoetan murgilduta dagoenean", ez dela "babesten duen kolektibo zabalago baten parte sentitzen". Horregatik, "lanpostuetan jasaten ditugun erasoei era kolektiboan" aterabidea ematea dute xede BASeko kideek. 

Hala, azaldu dute martxan jarriko duten mobilizazio eredua "aldarrikapen zehatzak lortzera begirakoa" izango dela eta ez "salaketa abstraktu eta hutsaletara bideratutakoa". "Etengabeko lekualdatzeek, sindikatzeko eskubiderik ezak, epe laburreko lan kontratuek eta abarrek, lantokia borrokarako esparru gisa auzitan jarri" dutela gaineratu dute, eta haien asmoa ez dela "ohiko sindikalgintzari bere borroka esparrua lehiatzea, babesgabe dagoen langile klaseko zati geroz eta handiago bati auto antolakuntzarako erreminta bat eskaintzea baizik".

Esplotazio forma berriei, antolakuntza forma berriak

"Metaketa ziklo berriak hartzen dituen esplotazio forma" berrien testuinguruan kokatu dute autodefentsa sareko kideek haren jaiotza; hala nola, "kontratu gabeko langileei ez ordaintzea, adostutakoa baino gutxiago kobratzea, aparteko lan orduak egitera behartuta egotea, lanean mespretxu edo eraso etengabeak jasatea, edozein momentutan deituta lanera joatera behartuta egotea", eta abar. "Esplotazio forma berri" horiei "antolakuntza forma berriekin aurre" egiteko tresna modura aurkeztu dute sarea, beraz.

"Bizirauteko lan egitera derrigortuta gauden denon ardura da, langile klase osoarena, alegia, itxuraz arazo indibidualak diren horiei era kolektiboan erantzutea. Bakarrik ahulak gara, baina, elkarrekin asko dugu aldatzeko eta historia da horren lekuko", adierazi dute. Hala, "beharrezko dugun langile batasuna saretzeko" sortu dute BAS, Beharginon Autodefentsa Sarea.

Autodefentsa sareen loraldia

Aurten, BASetaz gain, autodefentsa sare gehiago erdietsi dituzte Euskal Herrian. Esaterako, Lubaki Langile Elkartasun Sarea aurkeztu zuten Bergaran (Gipuzkoa) irailean eta, handik egun gutxira, Bilboko (Bizkaia) Langile Autodefentsa Sarearen berri eman zuten Bilbon. Bestalde, Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sarea aurrera doa bere jardun eta borrokekin; iragan astean bertan jaso genuen kazeta honetan haien azken garaipenaren inguruko albistea. Hain zuzen, Baztan eta Sotiko Aitona ostatuetako jabeek bost langile ohiri zor zieten dirua ordaintzea lortu dute LASeko kideek, asteetako borrokaren ostean.

Hona hemen Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sarearen aurkezpen oharra, osorik: