Abenduan iragarri bezala, datorren asteartean, urtarrilak 26, hamabost pertsona kaleratuko dituzte Gasteizko (Araba) etxebizitza birjabetu batetik. Gaur egun Los Herran kaleko 15. zenbakian bizi dira pertsona horiek, baina antza, kale gorrian utziko dituzte aurki, martxan baita etxegabetze prozesua.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak adierazi duenez, "alternatibarik gabe" etxegabetuko dituzte Los Herrango eraikin horretan bizi diren hamabost pertsonak. Etxegabetzea gauzatzeko ezarrita dagoen data jakin bezain pronto, kaleratzea geratzeko haien "esku zegoen guztia egin" dutela adierazi dute Etxebizitza Sindikatuko kideek; Gasteizko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eraikinaren legezko jabeen abokatuekin negoziazio prozesu bat irekitzeko ahaleginak egin dituzte, eta hainbat udal talde politikorekin harremanetan jarri dira, batik bat, egoeraren berri emateko eta irtenbideak mahaigaineratzeko asmoz.
Dena den, hori "ez da nahikoa izan" etxegabetze agindua gelditzeko, eta aurrera doa prozesua. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak azaldu du "gupidagabea" dela hamabost pertsona "kale gorrian" uztea, "are gehiago" egungo testuinguruan. Seinalatu du Arabako hiriburuan gora egin duela kalean bizi diren lagunen kopuruak, eta Gasteizko Udalaren larrialdi-zerbitzuetan, egun, leku bat bera ere ez dagoela hutsik.
EXPRESS ETXEGABETZEA
Espainiako Estatuan onartu berri duten lege-dekretuari ere egin diote erreferentzia Etxebizitza Sindikatuko kideek; izan ere, etxegabetze mota guztiak atzeratu beharrean, soilik kaleratze mota batzuk moteltzen dituela salatu dute. Esaterako, Los Herran kaleko eraikin birjabetuari dagokionez, dekretu horrek "eraginik ez daukala" eta kaleratzea "inolako epaiketa edota defentsa juridikorik gabe" gauzatuko dela azaldu dute, express delako prozedura jarraituko baita.
DEFENTSARAKO DEIA
Etxebizitza Sindikatuak argi utzi du Gasteizko Udalak "eskumen zein bitartekoak" badituela hamabost pertsonak kale gorrian bizi behar ez dezaten. Salatu du, bestalde, egun hamaika direla isilean gauzatzen diren etxegabetzeak, "inpunitate osoz".
Horren aurrean, "gure kideak defendatzeko" hautua berretsi eta "antolakuntza politikoaren" beharra azpimarratu du, eta aldarrikatu du "langile borrokak soilik" ahalbidetuko duela halako egoerei aurre egitea eta lorpenak izatea.
Orain indarrean den etxegabetze prozesua geratzeko deia egin dute Etxebizitza Sindikatuko kideek, eta hitzordua ere jarri dute datorren astearterako, hilak 26: goizeko 10:30ean Gasteizko Los Herran kaleko 15. zenbakian.