AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bloke Naranja. Argazkia: Eztena
2019/12/10 12:08

Gernikako (Bizkaia) Eztena proiektuko kideek gaur, abenduak 10, jakinarazi dute Bloke Naranjatik kanporatuta egon direla urriaren 15ean gertatu zen suteaz geroztik, nahiz eta epaileak biharko agindu duen eraikinaren legezko hustea.

Blokearen birjabetzearen bidez atera zen argitara Eztena proiektua, 2018. urteko martxoan. "Bertan hainbat proiektu oinarritzea zen" Eztenako kideen asmoa; hala nola, etxebizitzak, liburutegia, edota janari eta arropa biltegia, pixkanaka, "bizitzako esfera guztiak biltzen zituen proposamena ehuntzeko". Hala, urte bereko urritik, bertan bizi izan dira hamabi lagun. Eraikinean bizi ziren kide gehienek beste etxebizitza batzuetara mugitu behar izan zuten urriaren 15eko astean, sutea zela-eta. Haietako lau pertsona, baina, etxerik gabe geratu dira, eta Astra eraikinean bizi dira ordutik.

Kalte ordainak, ezerezean

Eztenako kideek hainbat epai-auziri egin behar izan diete aurre proiektua abiatu zutenetik. Azkenean, baina, 3.500 eurokoak izan dira ezarri dizkieten isunak eta kostu judizialak, bertan behera geratu baita eraikinaren jabeek "kalteak" ordaintzeko egindako eskaera, 140.000 eurora artekoa zena.

Zerrenda beltza

Auzibide judizialez gain, bestelako hainbat eraso eta errepresioa jasan ditu Eztenak proiektua Bloke Naranjan kokatu duen denboran. Legez kanpoko bi desalojo saiakera, espazioak ixteko prozedura irregularrak, edota eraikinaren jabeen, Gernikako Udalaren eta Ertzaintzaren arteko "harreman susmagarriak" salatu dituzte proiektuko kideek, baita herriko gazte militantez osatutako zerrenda beltz baten existentzia ere, Poliziak ofizialki inoiz identifikatu gabeko kideen izenak ere jasotzen zituena.

Hasi baino ez da egin

Bloke Naranjan egindako urte eta erdiko ibilbideak askotariko fruituak eman dituela nabarmendu dute Eztenakoek, baita irakaspenen iturri izan dela ere. Tartean, "eskualdean azken urteetan egondako gazte antolatuen nolakotasuna" aipatu dute: "Aurreko urteen aldean, desberdintasuna kuantitatiboa eta kualitatiboa da, gure buruengan jarritako asmoen formari eta dimentsioari dagokienez, esaterako". Garatu duten "proiektu sendoan" ere jarri dute azpimarra; "jazarpenaren eta erasoen aurrean erantzun bateratu eta gogorra emateko gai izan dena".

Erantzuteko eta babesteko gaitasun hori medio, Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareari egin diote erreferentzia, "espazioen autodefentsa koordinatu eta bateratu baterako" zein "bestelako proiektuekin harremanak garatzeko" ezinbesteko tresna dela nabarmenduz.

Bestalde, azaldu dutenez, proiektua bloke batean gorpuztu izanak ez du "mendekotasun absoluturik" sortu azpiegiturarekin. Beraz, "bere horretan egingo du aurrera proiektuak", martxan jartzean erdigunera eramandako helburuarekin: "langile klaseko sektore zabalen bizi baldintzak hobetzeko" helburuarekin, alegia. "Hau hasi baino ez da egin", diote Eztenako kideek: "Langile boterea eraikitzeko bidean, lehen esperientzia besterik ez da izan [...]. Osotasuna irauli asmoz abiatutako proiektu honen lehen pausoak jakintsuago eta indartsuago egin gaitu, etorriko diren erronkei aurre egiteko baldintza hobeak sortuz".

Oinarri eta egitura

Eskuratutako irakaspen oro, gainera, "prozesu sozialistarekin lerrokatzeko hautuan" kokatu dute. Aurrerantzean ere, "lanaren banaketa eraginkor eta planifikatua oinarri" eta elkartasuna ardatz, "bitarteko organizatibo desberdinak" mahaira ateratzea eta "instituzio proletarioak garatzea" du xede Eztenak. Hala, "sistema kapitalistari oinarri ekonomikoa eta egitura ideologikoa" borrokatzea jarri dute jomugan; "langileriarena dena defendatzea, borrokatzea eta eraikitzea", alegia.

EZ DAGO IRUZKINIK