AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Eztena
2019/10/15 19:18

Gaur, hilak 15, sutea izan da Gernikako (Bizkaia) Bloke Naranjan. 17:00ak aldera su hartu du birjabetutako eraikineko etxebizitzetako batek, eta bertako kideek azaldu dutenez, Eztenaren eta Harrera Sarearen parte da kaltetutako bizilekua. Duela urtebetetik hainbat etorkin bizi dira bertan. Dena den, hutsik zegoen eraikina sutea gertatu denean; eta beraz, ez da zauriturik egon.

Sutea zela-eta, suhiltzaileak zein Ertzaintza bertaratu dira Bloke Naranjara, eta poliziek eraikina husteko agindu diete bertan bizi diren pertsonei. Hala, une honetan itxita dago blokea, nahiz eta oraindik ez zaien agindu judizial ofizialik jakinarazi proiektuaren parte diren kideei.

Urtebetetik gorako ibilbidea

2018. urteko martxoan birjabetu zuten aurrerago Bloke Naranja modura izendatua izango zen eraikina. Besteak beste, bertan sustraitu da Eztena proiektua; "langile klaseko sektore zapalduenek jasaten dituzten erasoei klase elkartasunez erantzuteko". Hala, 2018. urteko urrian, kale gorrian geratzeko arrisku larrian zeuden hainbat errefuxiaturen aterpe bilakatu zen Bloke Naranja. Une honetan ere zenbait etorkinek bizitoki dute Gernikan birjabetutako eraikina.

Eraso etengabeak

Proiektua martxan jarri zutenetik, hamaika eraso salatu dituzte Bloke Naranjako bizilagunek eta Eztenako kideek. Tartean, uztailean jakinarazi zuten hainbat gizonezko ezezagun eraikina hutsarazten saiatu zirela, ilegalki. Bestalde, Eztenako zenbait kideren aurkako auzibide penalak zein auzibide zibilak ere izan dira.

EZ DAGO IRUZKINIK