Bihar arte etengo dute greba Villatuertako New Collagena enpresako langileek

Negoziazioei ekin diete beharginek eta enpresaren zuzendaritzak; hala, oraingoz, langileek eten egin dituzte martxan jarritako lanuzteak, bihar arte. Pasa den astean hasi zuten greba, enpresari lan baldintzen hobekuntza exijitzeko. Negoziazioan akordioa erdietsi ezean, mugagabea izango da greba.
Argazki Nagusia
Langileak kamioaren irteera ekiditen
2019ko azaroaren 14a
Villatuertako (Nafarroa) New Collagena enpresako langileek aurreko astean hasi zuten greba, lan baldintzen hobekuntza exijitzeko. Dena den, orain negoziazioan murgildu dira beharginak eta enpresaren zuzendaritza; beraz, momentuz, lanuzteak eten dituzte, bihar arte.

Iragan astelehenean, lantokiko sarrera blokeatu zuten langileek, haren funtzionamendurako ezinbestekoa den kamioaren irteera eragotziz. Ekimen horren ostean, langileekin harremanetan jarri zen zuzendaritza, negoziazioak hasteko asmoz. Gaur gaurkoz, ez dago akordiorik.

Beharginek, beraz, oraingoz ez dute greba deialdia baztertu euren eskakizunak lortzeko bidean. LAB sindikatuaren esanetan, "pixka batean gibelatu dugu greba, baina eusten diogu hala ere". Hala, bihar, azaroak 15, lanuzteak hasiko dituzte berriro, 14:00etatik aurrera. Akordioa erdietsi ezean, "greba, mugagabea bilakatuko" dela adierazi dute.