Borrokarako agenda adostu dute Villatuertako (Nafarroa) New Collage kimiko enpresako langileek. Asanbladan, bi greba deialdi adostu dituzte hil honen erdialderako; azaroaren 8tik 11ra egingo dute lehen greba, eta 15etik 18ra bigarrena.
Langileek salatu dutenez, "urteko egun guztietan egiten dugu lan; negoziaketa saiakera egin dugu enpresarekin estatu mailako kimika sektoreko hitzarmena hobetzeko, eta ezezko borobila eman digu zuzendaritzak". LAB sindikatuak ere ohar bidez azaldu du zuzendaritzak "ezezkoa" eman diola "sindikatuko ordezkari bakarrarekin eta aholkulariarekin biltzeari".
Gauzak horrela, akordiorik ezean, greba mugagabeari ekingo diote beharginek behin lanuzte deialdiak igarota.