Atzo, urriak 31, 12:00etatik 13:00etara itxita egon ziren Berriak supermerkatu katearen hainbat
saltoki. Hilabete igaro da bertako langileak baldintza makurrak salatu eta berriro mobilizazioak
abiatu zituztenetik. Laudioko (Araba), Amurrioko (Araba) eta Ugaoko (Bizkaia) saltokien
atarian elkarretaratzeak egin zituzten atzo, hirugarrenez hilabete berean, eta lan baldintzen inguruko aldarrikapenetan berretsi ziren beste behin.
Hainbat eskaera atera dituzte mahaira beharginek: kaleratutako langile bat berriz kontratatzea; kategoria profesionalen berrikustea; garraio-plusaren hitzarmenean adostutako ordainketak egitea; laneko arropa egokia izatea; oporraldien eta aparteko lan orduen inguruko hitzarmena adostea; uztailean 2020rako adostutako egutegia berehala ezartzea; lan-zamaren berrikustea; ordutegia egokitzea; edota lanera joateko egunero herrialdez mugitu behar izaten duten langileei gehigarria ordaintzea.
Enpresak eskaera horiek bermatu ezean, borrokan jarraitzeko prest daudela adierazi dute langileek.
Uztaileko hitzarmena
Iragan uztailean ere kalera irten
ziren beharginak, lan baldintzen inguruko akordioak erdiesteko asmoz. Negoziazio mahaia irekitzeko, baina,
bertan behera utzi behar izan zituzten lanuzteak. Hala, jakinarazi zuten enpresak onartu egin zituela egutegiari lotutako eskaerak; hain zuzen, urtean bost larunbatetan
jai hartzea, zubi batean jai egiteko eskubidea, eta bakoitzaren nahierako jaiegunak
bermatzea. Gainera, aparteko lan orduak kontuan hartzea eta
horien ordainsariaren xedapena langileen esku egotea eskatu zioten enpresari. Oraindik ez dute indarrean jarri uztailean adostutakoa, ordea.