AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/15 10:50

Duela bi urte inguru sortu zuten Goierrin (Gipuzkoa) Bategin Autodefentsa Laboraleko Sarea, "langileon defentsarako gaitasunak areagotzeko" xedearekin. Barne-gogoeta bat egin eta "geroz eta sakonagoa den krisi ekonomikoari" erantzuteko zenbait aldaketa gauzatu ondoren, martxan jarri dute berriz Bategin; dena den, Autodefentsa Laboraleko Sarea izan ordez, Langile Autodefentsa Sarea izango da aurrerantzean. Modu horretan, arlo laboralari lotutako auzietan esku hartzeaz gain, "langileon diru iturri ezberdinen defentsarako tresnak sortzeko" aukera barne hartuko luke Autodefentsa Sareak.

Mugimendu Sozialistarekin harremanetan daudela ere jakinarazi dute Bategineko kideek, eta eskualdean sortu berri den Kontseilu Sozialista Goierri aipatu dute, "horren sorrerak ahalbidetu" dielako Autodefentsa Sarean "dinamika berri bat berrartzea". "Kontseilu Sozialistaren beharrezkotasuna azpimarratuko dugu, langileon antolakuntza indartzeko dinamika politikoak bere egunerokotasuneko jardunaren parte baitira", azaldu dute.

Bateginen "jomuga" langileriaren "auto-antolakuntzarako mugimendu bihurtzea" dela nabarmendu dute, eta haren eskura egongo direla Autodefentsa Sareak sortutako tresnak. "Langile mugimenduaren antolaketan aurrerapausoak emanez, langileriaren bizi-baldintzak defendatu eta borrokatu behar ditugu; honela, langile klasearen interes orokorrak defendatzeko gai izango den antolakundea garatzea dugu helburu. Gure bizi-baldintzak kolokan dauden honetan, horiek defendatuko dituen antolakuntza eredua ezinbesteko dugu", gaineratu dute Bategineko kideek.

EZ DAGO IRUZKINIK