AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @VBorrokan
2021/04/01 10:37

Ateak itxi ditu Amurrioko (Araba) Valvospain-Ituarte lantegiak, eta langile guztiak kaleratu dituzte. 2020ko martxotik aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean egon ostean, iraungitze-espedientea ezarri zieten otsailean. Modu horretan, martxan jarri zuten 79 beharginak kaleratzeko prozedura, eta martxoaren 30ean eman zuten bukatutzat prozesua, langile guztiak kanporatuta.

Enpresa 2019ko ekainetik zegoen hartzekodunen lehiaketan murgilduta. Langileek greba mugagabeari ekin zioten orduan, egoera salatzeko. Hilabetez borrokan egon ostean, lortu zuten zuzendaritzak zor zizkien soldatak ordaintzea, une horretan enplegu-erregulazioko espedienterik ez ezartzea eta lan-baldintzak mantentzea, besteak beste. Hala ere, zuzendaritzak herenegun heldu zion hartzekodunen lehiaketako likidazio faseari: planta ixtea erabaki zuten, 79 langile kalean utzita. 

Martxoaren 18an, gainera, beste 129 kaleratze iragarri zituzten Tubacexen. Guztira, 208 izan dira Aiaraldea eskualdean (Araba eta Bizkaia) kaleratutako langileak azkeneko bi asteetan.

Mobilizazioak

Beharginek borrokan jarraituko dutela adierazi zuten "Aiaraldean etorkizun, lan eta bizitza duinak bermatu arte". Pasa den asteartean, hala, ehun pertsonatik gora batu ziren protestara Amurrioko plazan.

Tubacexeko langileek, bestalde, atzo bete zituzten 49 egun greban. Herenegun Gasteizen (Araba) elkartu ziren manifestazio jendetsu batean.