AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Faradio
2023/09/18 12:03

Kantabrian At Operalia enpresa arduratzen da Amazon produktuak banatzeaz. Requejadan (Polanco) dauka egoitza nagusia At Operaliak, eta 50 langile baino gehiago aritzen dira lanean. Duela hiru urte erabaki zuten beharginek antolatzea eta euren lan-baldintzak hobetzeko borrokari ekitea, jasan behar zituzten baldintza negargarrei aurre egiteko; nagusiki, miseriazko soldatei eta lanaldi ikaragarri luzeei.

Hauteskunde sindikaletara deitu zuten langileek, eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hiru langile kanporatu zituen Amazonek (USO sindikatuko ordezkari modura aurkeztu ziren). Epaitegiek, ordea, baliogabetu egin zituzten kaleratzeak, eta berriz hartu behar izan zituen beharginak enpresak. Gerora, lan-baldintzak hobetzeko gogor egin dute borroka langileek, eta greba handi bat ere egin dute bide horretan.

Horren guztiaren ostean, At Operaliarekin sinatutako kontratua deuseztatu du Amazonek, eta kanporatu egin ditu Kantabriako banaketako langile guztiak. Aurrerantzean TIPSA enpresa arduratuko da Kantabriako banaketez, eta plantilla guztiz berrituko du Amazonek. TIPSAko langileek ez daukate ordezkaritza sindikalik.

El Faradio atariak jaso duenez, enpresak berak aitortu du langileen beste exijentzia bat izan dela "urak gainezka egiteko falta zen tanta". Izan ere, USO sindikatuak (ordezkaritza sindikal bakarra izan da At Operalian) salatu zuen Amazonek azpikontratatuta dauden enpresetako beharginek askoz ere baldintza okerragoak dituztela, Amazonek zuzenean kontratatutako langileen baldintzekin alderatuta. Trikimailu hori zalantzan jartzean erabaki du Amazonek At Operalia baztertzea eta enpresa berri bati heltzea, inolako ordezkaritza sindikalik ez duena eta, momentuz behintzat, exijentziarik egingo ez diona lan-baldintzei dagokienez.

EZ DAGO IRUZKINIK