AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Sindikatuen elkarretaratzea. Argazkia: ALEA
2020/07/08 17:15

Hainbat langilek kontzentrazioak egin dituzte gaur eta atzo, Arabako Enpresarien Erakundeak Gasteizen (Araba) duen egoitzaren aurrean. Modu horretan, ekainaren 29an Gasteizen lan-istripu baten ondorioz zendu zen langilearen heriotza salatu dute. Kamioi baten atoitik jausi zen gizona Aretxabaletako (Gipuzkoa) obra batean eraikuntza lanetan ziharduela. Erorrerak zauri larriak eragin zizkion, eta ospitalean hil zen iragan ostiralean.

Sindikatuek enpresei eta administrazioari "behar diren neurriak har ditzatela" eskatu diete protestetan, batez ere, lan-istripuei buruzko azken datuei erreparatuta. Ekoizpen jarduera partzialki geldiarazi den egunetan istripuen zifrak gehitzen joan izana "are larriagoa" dela ondorioztatu dute.

Azken hilketarekin, gutxienez 34 dira Euskal Herrian 2020an eraildako langileak. Sindikatuen arabera, 42raino iritsi daiteke zifra hori.

Lan-baldintzak estutzen

Eraikuntza sektorean soldatapean dihardutenen "prekarietate egoeraz" ohartarazi dute elkarretaratzeetan, hala nola, "lan-erritmo jasanezinak", "jardunaldi amaigabeak" eta "lan-hitzarmen nahiz segurtasun araudiaren urraketak" aipatuz.