AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/19 20:13

Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak duela zenbait aste jarri zuen martxan Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditu! kanpaina. Modu horretan seinalatu zuen Diru-laguntzak Bermatzeko Errenta (RGI, gaztelerazko sigletan) jasotzen duten pertsonen gaineko kontrolak gora egin duela, eta kontrol polizialerako mekanismoak indartu, legeztatu eta areagotu baino ez duela egiten Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan onartu zuen DSBEri buruzko erreformak. Besteak beste, Ertzaintzak diru-laguntza hori eskatzen duten pertsonen etxeak miatzea legezko bihurtzen du erreformak, baita Lanbidek ikuskatzaile talde polizial bat sortzea ahalbidetu ere. Orain arte jazarpen polizial hori jasan duten hainbat lagunen testigantzak jaso dituzte Etxebizitza Sindikatuko kideek, eta bideo batean argitaratu dituzte.

Kanpaina horrekin lotuta, aurreko ostiralean egin zuen protesta bat Etxebizitza Sindikatuak, Lanbidek Eibarren (Gipuzkoa) dituen bulegoen aurrean. Gainera, Lanbideren hainbat egoitza margoketa bidez markatuta agertu dira Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa) nahiz Bilbon (Bizkaia). "Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditu!" aldarria irakur daiteke pintaketetan.

Erreformaren atzean

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko araudia eta baldintzak aldatzen dituen erreformari dagokionez, Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuaz gain, hitza hartu dute Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuek ere. "Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen erreformaren helburua enpresaburuen interesei erantzutea eta pobretze prozesua indartzea da. Hobekuntza izatetik urrun, erreformak miseriazko eta lan-prekaritatezko baldintzak orokortzen ditu", azaldu dute: "Langabeen masa hazten ari da, eta Estatuak miseria-egoeran bizirik mantentzeko eginkizuna betetzen du. Laguntzak eskuratzeko irizpideak malgutu eta zenbatekoak handitu izanak ez dio hobekuntza bati erantzuten, eszenatoki askoz ere okerrago baten aurreikuspenari eta onarpenari baizik". Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak, bestalde, "langabetuetako batzuk bizirik mantentzeaz gain, lan-merkatuan sartzera behartzen ditu, enpresaburuei komeni zaizkien baldintzetan eta denboretan", Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez.

"Betebehar horiek bete daitezen, diru-laguntzek proletalgoa kontrolatzeko eta diziplinatzeko mekanismoak dakartzate", ohartarazi dute Etxebizitza Sindikatuek. Kontrol mekanismo horiek, gainera, "laguntza jasotzen duen orok Estatuak emandako 'dohaintzen' truke onartu behar dituen kontrapartiden gisa aurkezten" direla ere nabarmendu dute.

"Benetako errenta unibertsala" aldarrikatu dute lau Etxebizitza Sindikatuek; "bizirauteko ez ezik, kalitatezko bizi-baldintzak lortzeko aukera" eman beharko lukeena eta "soldatapeko lan prekarioari lotu gabeko errenta eta inolako kontrapartidarik gabeko errenta" izan beharko lukeena.

Ikusi hemen 'Burdin Hesia' programaren denboraldi honetako 10. saioa, auzia lantzen duena

EZ DAGO IRUZKINIK