Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak dirulaguntza ekonomikoak ukatu dizkio indarkeria matxista jasan duen Barakaldoko (Bizkaia) emakume bati. 14 eta 6 urteko bi haur ditu. Argitan zentroko bozeramaileak adierazi duenez, dirulaguntzak jasotzeko, bi urte jarraituz erroldatua egotea eskatu dio Lanbidek emakumeari, baina hark ezin du baldintza hori bete. Izan ere, bikote ohiak errolda ezgaitu zuen, bere baimenik gabe.
Bestalde, Argitaneko bozeramaileak gehitu duenez, Lanbidek ez du adingabeen babesaren inguruko 2015. urteko Lege Organikoa bete. Lege horren arabera, "adingabeen interesa" lehenetsi behar da beste edozein irizpideren gainetik; eta oraingoan, "erroldatze irizpidea" gainjarri diote.
Herri Kolore atarian jaso duten bezala, "Lanbide harro agertu izan da indarkeria matxista jasan dutenĀ emakumeak laguntzeko ezarrita dituzten irizpideengatik". Derrigorrez bete beharreko gutxieneko erroldatze denbora jaistea da irizpide horietako bat. Dena den, Herri Kolorek azaldu du emakume askori beren bikoteek zein bikote ohiek eten egiten dizkietela erroldak, eta beraz, askotan ezin izaten dutela Lanbidek eskatutako gutxieneko erroldatze denbora bete. Hala, dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzen dute.