Gobernu Batzordeak joan den apirilean onartu zuen Enpleguari buruzko Euskal Lege Proiektua. Ahoztar Zelaietak Hordago-n azaldu duenez, proiektu horrek hitzez hitz jasotzen du "autentifikazio-prozedurak" jarriko dituztela martxan gizarte zerbitzuetan, zerbitzu horiek erabiltzen eta laguntzak jasotzen dituzten pertsonak kontrolatzeko. Zehazki, pertsona horiek identifikatzea eta haien nortasuna nolabait egiaztatzea omen da asmoa, eta sistema biometrikoen bidez egitea hori.
Zelaietak jakinarazi du, azken bost urteetan, 1,3 milioi euro xahutu dituela Eusko Jaurlaritzak kontrol sistema horiek garatzeko. 2019an, Lanbidek eskatuta, Izenpe enpresak 440.000 euro gastatu zituen, azpikontratazio bidez, "herritarren identifikaziorako patroi biometrikoak kudeatzea ahalbidetuko zuen sistema bat eraikitzeko". Indra enpresa hautatu zuten gutxienez 500.000 kontrolatuko zituen sistema bat garatzeko. Aurpegiko bereizgarriak eta hatz-aztarnak erabiliko lituzke sistema horrek kontrolerako.
Aurretik ere egin izan ditu antzeko saiakerak Lanbidek, Hordago-k argitaratu duenez. Lanbidek 2018an agindu zuen (EAJko Borja Belandia buru zenean), esaterako, "herritarren identifikaziorako faktore biometrikoen erregistroa kudeatzeko sistema bat" sortzeko. Urte berdinean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zuten pertsonak identifikatzeko ekipamenduak finantzatu zituen Lanbidek; hain justu, 282.000 euro bideratu zituen horretara. Gertek arduratu zen ekipamendu horiek eskaintzeaz, EAJko kide ohien esku dagoen enpresa bat.
Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala
Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan onartu zuen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma. Neurri berrien artean, diru-laguntza eskatzen duten pertsonak kontrolatzeko ikuskatzaile talde bat sortu zuen Lanbidek, eta Jaurlaritzak legeztatu egin zituen ordura arte legez kontrakoak ziren (baina gauzatzen ziren) hainbat kontrol praktika; hala nola, Ertzaintza diru-laguntza jasotzen duten pertsonen etxeetara sartzea eta miaketak egitea.
Horren harira, Lanbideren kontrol burokratiko eta poliziala gelditu! lelopean egin zuten kanpaina bat Euskal Herriko hainbat Etxebizitza Sindikatuk. Gainera, Lanbideren kontrol hori eta Ertzaintzaren jazarpena jasan duten hainbat lagunen testigantzak jaso zituen Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak.