AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/03 09:47

Gaur izan da lan-erreformari buruzko saio erabakigarria Espainiako Estatuko Diputatuen Kongresuan. Eta aurreikusgarria zen modura, erreforma onartzeko gehiengoa lortu du Espainiako Gobernuak: aldeko 175 boto izan dira, eta aurkako 174. Alde bozkatu dute, hain justu, PSOEren eta Unidas Podemosen 154 hautetsiek, Ciudadanosen bederatzi diputatuek, PdCaten lau diputatuek, Más Paísen bi hautetsiek, eta Compromís, Partido Regionalista de Cantabria, Teruel Existe, Coalición Canaria eta Nueva Canarias taldeetako diputatu banak; baita Alderdi Popularreko hautetsi batek ere, antza, akats bat medio.

Hortaz, indarrean sartuko da gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako neurri-sorta, hainbat talde politikoren ahotan erreforma indargabetzeko eta atzera botatzeko ametsak azken unera arte iraun duen arren.

Errealitate bat da jada: PSOEk eta Unidas Podemosek kontrakoa hitzeman bazuten ere, mantendu eta sendotu egingo dute Alderdi Popularrak 2012an ezarritako lan-erreformaren funtsa. Erreforma horrek, besteak beste, lanaldi partzialak, aldi baterako lanaldiak, azpikontratutakoen obra- eta zerbitzu-kontratuetako ohiko iruzurrak, nahiz lan baldintza ugari zehazteko askatasuna errazten eta sustatzen zituen. PSOEk eta Unidas Podemosek ez dituzte oinarri horiek aldatu "agintaldiko neurririk garrantzitsuena" adosteko orduan.

Yolanda Diaz Lan ministroak esan du "enpresaburuen eta sindikatuen babes garbia" duela Bruselaren presiopean idatzitako neurri-sortak, eta hitzartutako testua osatzeko prozeduran izan den "elkarrizketari" egin dio azpimarra: "Hori da politika". Adierazi du "historikoa" dela erreforma, eta "prekaritatearen kulturarekin hausten" duela.

Zenbait oinarri

Langileen kaleratzeen merkatzea barne hartzen zuen 2012ko erreformak, kanporatutako beharginei ordaindu beharreko zenbatekoa, lan egindako urte bakoitzeko 45 egunekoa izatetik, 33 egunekoa izatera igaro baitzen. Oinarri horri eusten dio gaur onartutako erreformak, ordaindu beharreko kopurua ez baitu aldatzen.

Bestalde, azpimarratzekoa da lan-eremuko malgutasuna eta behin-behinekotasuna onartzen eta ofizialtzen dituela erreformak. Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEak) normalizatzen ditu, salbuespen-neurri bat izatetik urruntzea ahalbidetuz; hala, nabarmena da aldi baterako espediente bati lotutako baldintzak denboran luzatzeko eta iraunkor bihurtzeko arriskua. Bestalde, langile finkoen kopurua enpresen beharren arabera zehaztea ere errazten du erreformak.

Gobernua zutik

Diputatuen ganberako hainbat taldek erreformari ezezkoa emango dioten arren, horietako batek ere ez du PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua Moncloatik botatzeko borondaterik adierazi. Pedro Sanchezen gobernuak ez du bere hauteskunde-programa bete, eta konpromiso horiek omen ziren, zehazki, beste hainbat alderdik koalizio gobernua babesteko baldintza.

Hala, badirudi ERCk, EH Bilduk, Junts-ek, EAJk, BNGk zein CUPek baldintzarik gabe sostengatuko dutela PSOEren eta Unidas Podemosen agintaritza legegintzaldiaren hondarrean.

Irakurri hemen GEDAR LANGILE KAZETAk lan-erreformak jasotzen dituen neurriei buruz argitaratutako artikulua.

EZ DAGO IRUZKINIK