Aurreko astelehenean iragarri bezala, gaur, abenduak 9, eman behar zioten hasiera greba mugagabeari Aiaraldeko Berriak supermerkatuko langileek. Dena den, bertan behera utzi dute deialdia. Izan ere, borroka luze baten ostean, aurreakordio batera iritsi dira enpresaren zuzendaritzarekin.
Hainbat puntu zehaztu dituzte aurreakordioan, batik bat: kaleratutako langilea berriro lanean hastea; kaleratze bidegabeak berriro gertatu ez daitezen, hainbat neurri hartzea; dietengatik eta beste lantoki batzuetara joateagatik langileei plusa ordaintzea; garraio hobaria; lanbide-kategoria berriak ezartzea; edota aldi baterako lanak mugatzea.
Ekainetik
borrokan
Iragan astelehenean kazeta honek jakinarazi zuenez, ekainetik daramate borrokan Berriak supermerkatuetako beharginek. Aldarri nagusiak honakoak izan dira: urtean bost larunbatetan jai hartzea, zubi batean jai egiteko eskubidea izatea, eta bakoitzaren nahierako jaiegunak bermatzea. Bestetik, lan ordu gehigarriak kontuan hartzea eta horien ordainsariaren zehaztapena beharginen esku geratzea ere eskatu zioten enpresari.