Iragan larunbatean, azaroak 30, Laudion (Araba) egindako manifestazioaren ostean, greba mugagabea hasiko dute aurki Berriak supermerkatuetako beharginek. Hain zuzen, abenduaren 9tik aurrera izango da lanuztea, eta Laudioko, Amurrioko (Araba) zein Ugaoko (Bizkaia) langileek hartuko dute parte. Izan ere, ez dira akordio batera iritsi supermerkatu kateko zuzendaritzarekin.
Lan hitzarmena betetzea eskatzen dute Aiaraldeko beharginek, baita kaleratutako langile bat berriz onartzea ere. Lan baldintzen inguruan sindikatu batean galdetzeagatik bota zuten, azaldu dutenez. Bestalde, Arabako eta Bizkaiko lantegietako baldintzak parekatzea ere aldarrikatu dute; hala nola, garraio-plusari dagokionean. Gainera, langileek azaldu dutenez, enpresak ez ditu garraio-plusaren inguruan hitzarmenean adostutako baldintzak ere betetzen, ez baititu ordainketa horiek bere gain hartzen. Oporraldien eta aparteko lan orduen auzian esku hartzea, lan zama berrikustea edota laneko arropa egokia izatea ere eskatu dute langileek.
Ekainetik borrokan
Kazeta honetan azaroan azaldu bezala, ekainean hasi zituzten protestak beharginek, eta uztailean bertan sinatu zuten akordioa enpresarekin. Urtean bost larunbatetan jai hartzea, zubi batean jai egiteko eskubidea izatea, eta bakoitzaren nahierako jaiegunak bermatzea hitzartu zuten hala. Bestalde, lan ordu gehigarriak kontuan hartzea eta horien ordainsariaren zehaztapena beharginen esku geratzea ere eskatu zioten enpresari.
Dena den, udazken hasieran ekin zioten berriro mobilizatzeari, urrian gutxienez hiru lanuzte burutuz. Izan ere, enpresak ez du adostutakoa bete. Luze doa, beraz, Berriak supermerkatuetako langileen borroka.