Osakidetzak azpikontratatuta dauka anbulantzien zerbitzua. Orain arte, Grup La Pau enpresa arduratu da Arabako eta Bizkaiko zerbitzuaz, baina joan den urrian moztu zuten harreman hori: Eusko Jaurlaritzak eta Grup La Pauk eten egin dute zerbitzuaren kontratua. Azaroaren 30era bitartean, hala, "irteera ordenatu bat" egingo du enpresak, baina langileen kontura ari da horretan: ez die ordaindu oraindik.
Beharginek salatu dutenez, Grup La Pau atzeratzen ari da ordainketan. Urriko soldata zor die oraindik, baita udako aparteko ordainsariaren %75 ere. Udan hasi ziren aparteko ordainsaria kobratzeko arazoekin, eta %25 baino ez dute jaso momentuz. "Eusko Jaurlaritzak eman dio dirua enpresari. Guri eta herritarrei lapurtzen ari da. Non dago diru hori?", azaldu dio anbulantzietako langile batek Radio Nervión irratiari.
Aurretik ere jakinarazi dute beharginek enpresak ez dituela hitzartutako lan-baldintzak bete. Jaurlaritzak azpikontratatu zuenetik, hamaika aldiz urratu ditu ezarritako baldintzak eta langileen eskubideak, gobernuaren konplizitatearekin: besteak beste, etengabeko atzerapenak izan dira nominak ordaintzean.
Grup La Pauren kontrako salaketak eta zigorrak izapidetzen ari diren bitartean, anbulantzia zerbitzua utz dezan pausoak ematen ari dira Araban eta Bizkaian, baina oraindik ez dute zehaztu zein enpresak hartuko duen lekukoa bi herrialde horietan. Anbulantzietako beharginek azaldu dute, hala ere, Jaurlatzako Osasun Sailak ez duela haiekin hitz egin prozesuan: Grup La Pau korporazioarekin baino ez da bildu.
Irakurri hemen aurten Asier Muñoz anbulantzietako langileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.