Asteartean eta asteazkenean izan da La Gilda del Norte enpresako bi jaberen aurkako epaiketa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Hiru langilek deklaratu dute epaitegian, jasandako lan-esplotazioa azalduz eta Bizkaiko enpresan ezartzen zizkieten baldintzen berri emanez. Aita-alabak dira epaituak izan diren enpresaburuak, eta sei urterainoko espetxe-zigorrak jaso ditzakete.
Langileek deklaratu dutenez, enpresaren Basauriko lantokian edo Lezamako negutegietan hasi ziren lanean gehienak, eta egunean 100 eta 120 poto artean prestatu behar zituzten. Egoera irregularrean eta kontraturik gabe jarduten zuten, eta ikuskaritzaren bat baldin bazegoen, ezkutatzera behartzen zituzten nagusiek: komunera, teilatura edo hozkailura joan behar izaten zuten. Beharginetako batek azaldu du plantillako %60 eta %70 artean zirela (25 bat lagun) egoera administratibo irregularrean zeuden pertsona hegoamerikarrak, eta horretaz probesten zen La Gilda del Norte, abusuzko lan-baldintzak ezartzeko: 06:00etatik 14:00etara arteko lanaldiak 800 euroko soldatekin, inolako segurtasun-neurririk eta formakuntzarik gabe.
Espainiako Poliziak eta Lan Ikuskaritzak 2020an egin zuten lehenengo ikuskapen-operazio bat Bizkaiko konpainian, eta langileetako batek beldurrez oroitzen du momentua. Enpresako nagusiek, hain zuzen ere, beharginek deportatuak izateko zuten beldurra baliatzen zuten miseriazko lan-baldintzak ezartzeko eta enpresaren irregulartasunak ezkutatzeko. 2021eko maiatzean izan zen bigarren ikuskapen bat, eta horren ostean, 20:00etatik 06:00etara bitartean lan egitera behartu zituen enpresak, gauez izan zedin. Hurrengo hilabetean egin zuten hirugarren operazio bat, eta enpresako burua atxilotu zuten orduan.