AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/30 15:05

Indarrak batu dituzte La Caixaren jabetzako zortzi etxebizitza-bloketan bizi diren pertsonek, fundazio horrek inposatutako "abusuzko klausulen" kontra. Oraingoz, Arrasaten (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) Erandion (Bizkaia) eta Bilboko (Bizkaia) Boluetan eta Zorrotzan bizi diren 100 maizter baino gehiago antolatu dira elkarrekin, eta salatu dute "irabazi asmorik gabekoa" omen den La Caixak espekulatu egiten duela alokairu ustez "eskuragarriekin".

Gaur, urriaren 30ean, agerraldi bat egin dute aipatutako etxebizitza-blokeetan bizi diren hainbat lagunek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera. Hala jakinarazi dute La Caixak negozioa egiten duela alokairu "eskuragarrien" bitartez: CriteriaCaixa finantza-sozietatearen filiala den InmoCaixa marka baliatzen du horretarako.

Banketxeen "izaera hipokrita" azpimarratu dute prentsaurrekoan: "La Caixak bezala, 'alokairu sozialez' hitz egiten dute, baina beraien negozioak etxebizitzaren edozein funtzio sozial mehatxatzen du, eta alokairu 'eskuragarriak' onuragarriak zaizkienean soilik kudeatzen dituzte".

Higiezinekin espekulatzen

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta bizilagunek azaldu dutenez, 2008ko krisia aprobetxatuz, La Caixak eta bere inbertsio-sozietateek ondasun higiezinen pakete ugari erosi zituzten prezio oso baxuetan, tartean, lursailak eta eraikinak. Euren aurpegia zuritzeko asmoz, alokairu "eskuragarrien" bitartez atera zituzten merkatura higiezin horiek, eta InmoCaixaren esku geratu zen kudeaketa.

Salatu dute, baina InmoCaixa "hainbat estrategia aplikatzen" ari dela, "outlet prezioan erositako ondasun higiezinetatik errentagarritasuna atera ahal izateko". Horretarako, "salmentako etxebizitzaren prezioaren igoera bizkorra" eta "gelakako alokairuen prezioaren igoera geldiezina" probesten ditu, besteak beste.

Miseriaren kontura aberasteko estrategiak

Euskal Herrian barrena InmoCaixak erabilitako hainbat estrategia identifikatu dituzte maizterrek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gasteizen, esaterako, alokairu "eskuragarriko" etxebizitzak "merkatu libreko prezioetan edo garestiago saldu nahi ditu". "270.000 euro eskatzen dituzte etxebizitza baten truke, ezaugarri berak dituen etxebizitza batek, leku berean, batez beste 230.000 euro balio duen bitartean", seinalatu dute.

La Caixaren kontrolpeko entitateak "merke erosi eta garesti saltzeko" estrategia jarraitzen du, beraz. "Garesti saldu ahal izateko, puztutako prezioetan bakarrik erosteko aukera uzten diete, eta maizterrei azken urteetan bizi izan diren etxeen alokairu kontratua ez berritzen tematzen dira", argitu dutenez.

Boluetan, berriz, urte luzez etxebizitzetako batzuk hutsik eduki ondoren, gela bakoitzeko 650 euroko alokairuak eskatzen ditu orain InmoCaixak. "Alokairu eskuragarriak zirenak pisu turistiko edo logelako alokairu bihurtu dituzte", "LAUn araututa ez dauden eta irabaziak puzteko aukera ematen duten formulekin", "espekulazioaren gurdira batuta". Bestalde, irabaziak bermatzeko, "higiezinen eta instalazioen mantentze-gastuak murrizteko" estrategia ere badu entitateak.

Abusuzko klausulak nagusi

Baina InmoCaixak negozioa egiteko bide nagusia, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ezagutzen dituen kasu guztietan ikusten dena, maizterrei kontratuetan "abusuzko klausulak" ezartzea da. Klausula horiek "bankuaren irabaziak handitzen dituzte eta maizterren eskubideak murrizten dituzte", sindikatuaren esanetan.

Klausula horiek barne hartzen dute, adibidez: OHZ (IBI) maizterrek ordaintzea, euren nomina CaixaBankera helbideratzea, hornidura batzuk InmoCaixak exijitutako merkaturatzaile bati kontratatzea, ez-ordaintzeen aseguru bat ordaintzea, alokairuak arrazoitu gabe igotzea, etxebizitzak bizigarriak izan daitezen egin beharreko zenbait mantenu ordaintzea, eta abar.

Erakunde publikoak, La Caixaren lagun

Gaurko agerraldian, gainera, erakunde publikoen konplizitatea salatu dute. Izan ere, kasu askotan, erakunde publikoak izan ziren La Caixari "higiezinen aktiboak oso prezio baxuetan eskaini" zizkiotenak. Hori gutxi balitz, ohartarazi dute "parlamentuko alderdi guztiak ados" daudela "lankidetza publiko-pribatuaren areagotzearekin".

Lankidetza horrekin hainbat helburu markatzen dituzte; hala nola, "alokairu 'eskuragarriko' etxebizitzak, babes ofizialekoak edo etxebizitza sozialak eraikitzea zein kudeatzea". "Hori da etxebizitzaren arazoa konpontzeko proposatzen duten funtsezko neurria", gaitzetsi dute agerraldian: "Etxebizitzarekin espekulatu eta bertatik etekina ateratzen duten eragile pribatuei [...] parte-hartze handiagoa emanez konpondu nahi dute etxebizitzaren arazoa administrazioek". Instituzio publikoek, hortaz, "arazoa elikatzen dutenei bide erraza uzten" diete, maizterren eta sindikatuaren esanetan.

Maizterrak, elkarrekin La Caixaren aurka

La Caixaren jabetzako etxebizitza-blokeetan bizi diren pertsona askok daramatzate urteak kexak egiten, baina ez dute erantzunik jaso. Horrela erabaki dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatzea eta borrokara jotzea: 100 maizter inguru daude antolaturik jada, Euskal Herriko zortzi bloketan banatuta. Dena den, kaltetuak 300 baino gehiago izan daitezkeelakoan daude.

Hiru exijentzia egin dizkiote La Caixari: "Lehenik, amaitzear dauden kontratuak dituzten familien kontrako etxegabetze ahalegin oro eten dezala. Bigarrenik, berehala ken ditzala abusuzko klausulak kontratu guztietatik. Eta, hirugarrenik, bizilagunen ordezkaritzarekin bildu dadila gainerako auziak negoziatzeko".

"Soilik antolakuntza eta borrokaren bitartez egingo diogu aurre etxebizitzaren negozioari", aldarrikatu dute gaur: "Badakigu egoera berdina pairatzen duten pertsona gehiago egon daitezkeela, hortaz, La Caixarekin alokairu-kontratua baduzu, gerturatu zaitez Etxebizitza Sindikatu Sozialistarengana".

EZ DAGO IRUZKINIK