AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/19 10:35

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) krisi ekologikoaren inguruko jardunaldi bat antolatu du larunbat honetarako, otsailaren 22rako. Gasteizen (Araba) izango da, Hegoalde gizarte-etxean, eta bi xede nagusi markatu dituzte antolatzaileek: "sistema kapitalistaren garapenak eragin duen krisi ekologikoa ezaugarritzea" eta "oligarkia krisi ekologikoa aberastasuna metatzeko bitarteko moduan erabiltzen ari dela ikusaraztea, Europako agintariek eta enpresariek martxan jarri duten makineria ideologikoa eta ekonomikoa aztertuz". Horretarako, hiru hitzaldi egingo dituzte larunbatean (bi goizean eta bat arratsaldean), eta bakoitzean landuko dituzten auzi zehatzak azaldu ditu dagoeneko EHKSk.

10:30ean izango da lehenengo saioa, Kapitalismoaren garapena eta ekosistemen suntsipena. "Kapitalismoaren garapenak hainbat ekosistematan izan duen eragina ikuspegi historiko batetik" aztertuko dute bertan, eta, horrekin batera, "hainbat ekosistemaren gaur egungo egoera" landuko dute, "mundu mailan zein Euskal Herrian". Horren ostean egingo dute Trantsizio ekologikoaren geopolitika izeneko hitzaldia, asmo batekin nagusiki: Europan martxan diren "trantsizio ekologikorako planak" aztertzea eta "Europar Batasunak bizi duen krisi ekonomikoaren aterabide gisa" seinalatzea. Horretarako, "Europar Batasunaren plan ekonomikoek ekosistemen suntsipenean eta langile-klasearen pobretzean duten eraginaz" arituko dira.

Goizeko bi saioen ondoren bazkaltzeko tarte bat egongo da, eta 17:00etan jarraituko dute egitarauarekin. Eguneko hirugarren eta azken hitzaldiaren nondik norakoak ere xehatu ditu EHKSk: "Bigarren hitzaldian ezaugarrituriko burgesiaren agenda berdearen kritika egingo da, ikuspegi sozialista batetik". Hain justu, burgesiak auzi ekologikoari dagokionez mahaira ateratako proposamenak aztertuko dituzte bertan; "Green New Deal deiturikotik hasi, oligarkiaren trantsizio ekologikorako planetatik pasatu eta auzi ekologikoa ukatzen duten eskuin muturreko adierazpenetaraino". Eta saio horren funtsa honakoa litzateke, antolatzaileen esanetan: "Argitu nahi da planetak bizi duen krisi ekologikoaren soluzioa ez dela instituzio kapitalisten eta enpresen eskutik etorriko, langileen antolakuntza independentetik baizik".

EHKSk laburbildu duenez, "planetak bizi duen krisi ekologikoari zein burgesiaren plan estrategikoei, sozialismoaren eraikuntzarako perspektiba kontrajarri" nahi dizkie, eta ikuspegi horri helduko dio larunbateko jardunaldian. Jakinarazi du parte hartzeko ez dela aurrez izena eman behar, eta goizeko 10:00etan izango dela harrera Hegoalde gizarte-etxean. Bertaratzen diren guztiek izango dute bazkaltzeko aukera, tiketak bertan erosteko aukera egongo baita.

EZ DAGO IRUZKINIK