AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/09 16:33

Gipuzkoako Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatu du Ertzaintzako ofizialorde batentzat, sobornatze-delitu bat leporatuta. 2020ko apirilean gertatu zen, pandemia zela-eta, etxeratze-agindua indarrean zenean. Poliziak kontrol batean geratu zuen buru-nahasmenduak zituen gizon bat, motozikletan zihoala, eta droga zeramala ikusi zuen. Atxilotu eta Ondarretako komisariara tokialdatu zuten, eta ez zuten hurrengo goizera arte eraman epaitegira.

Kalabozoan nahiz polizia-etxeko garajean, agenteetako batek bakarka hitz egin zuen atxilotuarekin, eta mehatxu batean oinarritutako akordio bat proposatu zion, "metodo koertzitibo eta autoritarioak" erabilita, fiskaltzaren hitzetan. Zeraman kokaina berari ematen bazion, etorkizunean izango zen epaiketan lagundu egingo ziola hitzeman zion ertzainak. Epaiketa hori, ironikoa bada ere, drogarekin harrapatu izanagatik egingo liokete.

Komisarian izandako elkarrizketetako batean, poliziak bere telefono-zenbakia idatzi zion besoan atxilotuari, eta mehatxu egin zion, handik irtetean deitzeko: "Kolaboratzen ez baduzu kraska egingo dizut. Deituidazu irteten zarenean". Epaiketako laguntzaz gain, eskaintza gehiago ere egin zizkion ertzainak atxilotuari, esan baitzion kontrolean harrapatutako 1.700 euroak eta bi sakelakoak berreskuratzen lagunduko ziola, 500 euroren truke.

Atxilotutako pertsonak 37 urte zituen une horretan, eta %69ko desgaitasuna zuen buruko nahasmenduengatik. Hilik dago jadanik, baina otsailaren 14an epaituko dute bera erosten saiatu zen agentea. Donostiako (Gipuzkoa) Herritarrak Babesteko Unitateko patruila-buruetako bat zen orduan.

Itxura denez, aske gelditu bezain pronto hots egin zion ertzainari gizonezkoak. Kalean elkartu ziren, eta etxebizitza batera mugitu ziren. Kokaina kontsumitu zuten han, eta poliziak gutun amarrutsu bat idazten lagundu zion auzipetutako pertsonari, gezur batzuk erabilita, kontrolean kendu zizkioten 1.700 euroak itzul ziezazkiotela eskatzeko. Hurrengo egunetan ere hainbatetan elkartu ziren, eta agenteak kokaina jaso zuen, Ertzaintzaren bidez lapurtutako hainbat materialekin ordainduta: eguzkitako betaurrekoak, erlojuak eta abar.

EZ DAGO IRUZKINIK