Urte bakoitzeko, 1.700 milioi eurokoa da eskolaz kanpoko hezkuntzaren gastua Espainiako Estatuan, haurren eta nerabeen %47k jasotzen baitituzte klase partikularrak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurki daiteke estatu mailako proportziorik altuena: ikasleen %56k jasotzen dituzte aparteko eskola pribatuak. Hezkuntza partikularraren merkatuaren bolumena etengabe hazi da mende honetan, hezkuntzaren gastu pribatuaren geroz eta zati handiagoa hartuz (ia %15 2021ean).
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurki daiteke estatu mailako proportziorik altuena: ikasleen %56k jasotzen dituzte aparteko eskola pribatuak
Esade negozio-eskolaren azterlan batek berriki argitaratu ditu "itzalpeko hezkuntzaren" merkatuaren inguruko datu harrigarri horiek. Educación en la sombra en España izenburupean, fenomenoaren inguruan Espainiako Estatuan gaurdaino egin den azterlanik sakonena da; eta ez da klase partikularren orokortzea egiaztatzera mugatzen, igoera hori "hezkuntza arloko desberdintasun sozial ikaragarriek" eragiten dutela ere azpimarratzen du.
Juan Manuel Moreno UNEDeko Didaktika eta Eskola Antolaketako katedradunak eta Angel Martinez ekonomialariak osatutako ikerketak bi kategoriatan banatzen ditu klase partikularrak: "ezagutzak zabaltzera eta hobetzera bideratutakoak (hizkuntzetako klase partikularrak)" batetik, eta "oinarrizko curriculum-ikasgaietan ikasi ez direnak indartzera eta berreskuratzera bideratutakoak", bestetik. Familia aberatsak dira lehen motako eskolak gehien baliatzen dituztenak; "seme-alabak bereizteko eta haiei lehiarako abantailak emateko". Proletalgoaren barruan, berriz, "atzean ez geratzeko, ikasturtea errepikatzea saihesteko eta eskola-porrotean ez jausteko" kontratatu ohi dira irakasle partikularrak.
Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) bi argitalpenek emandako informazioa gurutzatzen du txostenak: Etxeetako Hezkuntzako Gastuari buruzko azken Inkesta, 2019-2020 ikasturtekoa, eta Familia Aurrekontuei buruzko Inkesta, 2021ekoa. Benetako egoera, baina, INEren Familia Aurrekontuei buruzko Inkestan bakarrik oinarritutako beste ikerketa batean erakusten zena baino okerragoa dela aitortu dute. Klase partikularrak jasotzen dituzten ikasleen proportzioa %24koa zela uste zuten orduan, eta gastu osoa, aldiz, 732 milioi eurokoa.
"Gastu-ahalmenaren araberako kintil baxuenean dauden familietan, haurren %30ek dute eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidea. Bi kintil handienetan, berriz, proportzioa %60koa baino handiagoa da"
Klase desberdintasunak
Irakaskuntza partikularren erabilpenaren kantitateak eta nolakotasunak klase izaera argi bat du, eta dagoeneko Esade bezalako ikergune burgesek ere ez dute ezkutatzen: "Gastu-ahalmenaren araberako kintil baxuenean dauden familietan, haurren %30ek dute eskolaz kanpoko hezkuntzarako sarbidea. Bi kintil handienetan, berriz, proportzioa %60koa baino handiagoa da".
Klase partikularren kalitatearen eta kantitatearen neurgailu fidagarria izan ohi da ikasle bakoitzeko batez besteko gastuari erreparatzea, eta hor ere aldea nabarmena da: familia aberatsenen inbertsioa pobreena baino hiru aldiz handiagoa da, sare publikoan zein kontzertatuan. Hizkuntzek klase partikularretako gastuaren %46 biltzen dute, eta hori bereziki nabaria da seme-alabak ikastetxe pribatuetara eta itunpekoetara eramaten dituzten familien artean. Haurrak ikastetxe publikoetara bidaltzen dituzten familietan ere "joera nahiko argia" dela azpimarratzen du txostenak, baina, halere, lege orokorra ondokoa da: "familia batek zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta gehiago gastatzen du hizkuntza-eskoletan".
Desberdintasunak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) eta batxilergoan hasten dira hautematen, eta hor ere ikastetxeen arteko segregazioa agerian geratzen da. Bigarren hezkuntzatik aurrera, ikasle bakoitzeko gastua %50 igo da itunpekoetan publikoarekin alderatuta, eta pribatuan, berriz, hirukoiztu egin da.
Ikastetxe pribatuetako ikasleen artean ia kasurik ez dagoen bitartean, sare itunduko ikasle guztien %30era iristen dira klase partikular kurrikularrak. Sare publikoko ikasleen artean, berriz, %40 baino gehiago dira eskola horietara jotzen dutenak
Beste alde nabarmen bat curriculum-ikasgai zentraletako klase partikularrei eskaintzen zaien proportzioan dago. Ikastetxe pribatuetako ikasleen artean ia kasurik ez dagoen bitartean, sare itunduko ikasle guztien %30era iristen dira klase partikular kurrikularrak. Sare publikoko ikasleen artean, berriz, %40 baino gehiago dira eskola horietara jotzen dutenak.
Baina ez hori bakarrik: "ikasgai kurrikularretako klase partikularrak eskola publikoetako gastu-kategoria garrantzitsuena" direla ohartarazi dute Morenok eta Martinezek. Ikasle bakoitzeko batez besteko gastuaren aldetik, 300 eurokoa da itunpekoan eta 235 eurokoa publikoan. Txanponaren beste aldean, sare publikoan partida nagusia oinarrizko curriculum-ikasgaiak indartzeko erabiltzen den bitartean (96 euro), hizkuntzen ondoren (89), ordena alderantzizkoa da itunpekoen kasuan: familien ikasturteko batez besteko gastua 146 eurokoa da hizkuntzetan, eta beste 90 eurokoa ikasgai kurrikularretan.
Zentro pribatuena "aparteko kasua" dela seinalatzen dute ikerlariek, horietako gastu neurrigabea dela-eta. "Bereizketaren bilaketa" gisa deskribatzen dute Morenok eta Martinezek: "Ikasle eta ikasturte bakoitzeko 483,3 euro bideratzen dituzte hizkuntza-ikasketetara, eta 76,5 euro baino ez oinarrizko curriculum-ikasgaiak berrikusteko klaseetara".
Baina desberdintasun klasistak ez dira hor amaitzen, irakaskuntza artistiko ez-arautuko ikasketak eskolaz kanpo jasotzeko orduan ere aldeak baitaude: 38,5 euroko batez besteko gastua publikoan, 55,7 eurokoa itunpekoan eta 57,3 eurokoa pribatuan. Hori gutxi balitz, kintil aberatsena da bestelako "ikasketa bereziak" jasotzen dituen ia bakarra, hala nola, ikasketa teknikak, informatika edo programazioaren irakaskuntza bezalako jakintzak. Familia horiek eskolaz kanpoko hezkuntzaren gastu osoaren %7 bideratzen dute arlo espezializatu horretara. Kirolaren inguruan ez dago daturik, baina "oso esanguratsua" izango dela susmatzen dute.
Estratu sozial desberdinetako familiek hutsuneak identifikatzen dituzte eskoletako edukian zein prozeduretan, bakoitzak beren moduan
Mesfidantza
Fenomenoa eragin duten faktoreei erreparatuta, ikerlariek hipotesi argi bat dute: "familien artean eskola formalarekiko konfiantza murrizten ari da ziurrenik, eta horregatik jotzen dute beren seme-alaben hezkuntza osatzeko errefortzu-klaseetara". Bistan denez, estratu sozial desberdinetako familiek hutsuneak identifikatzen dituzte eskoletako edukian zein prozeduretan, bakoitzak beren moduan. Nabarmena da ikastetxeetan emandako edukiarekin bakarrik zaila dela exijentzia akademikoei edo datorren lan-merkatuaren egoerari aurre egitea.
Arrazoiren batengatik, familiek geroz eta garrantzi handiagoa ematen diete klase partikularrei, "lehen mailako beharrizana" bihurtzeraino. Horretarako, gastu-bolumenaren bilakaera orokorrari perspektiba historiko zabalagoan begiratzea besterik ez dago: 2007. eta 2018. urteen artean, familiek hezkuntzan egindako inbertsioa %50 hazi zen, Barne Produktu Gordinaren %1etik gertu kokatzeraino.
Seme-alaba bat baino gehiagorekin zailtasun akademiko handiak bizi dituzten zenbait etxetan, hilean 300 edota 500 euro arteko gastuak ikusten ari dira
Lehentasun horiek ezartzeko unean, egoera dramatikoak ikus daitezke familia proletarioetan, hilaren amaierara iristen ez diren etxe askotan ere klase partikularretan gastu itzelak egiten direla sumatu baita. Seme-alaba bat baino gehiagorekin zailtasun akademiko handiak bizi dituzten zenbait etxetan, hilean 300 edota 500 euro arteko gastuak ikusten ari dira.
Denentzako lekurik ez
Unibertsitatea masa-fenomeno bihurtu da azken hamarkadetan Espainiako Estatuan, seme-alabak unibertsitatera bidaltzeko kultura bat errotu baita. Datuen segida historikoak, hain zuzen, goi-mailako hezkuntzaren "demokratizazio" prozesu hori erakusten du: INEren arabera, 1950. eta 1960. urteen artean 170.602 pertsona matrikulatu ziren unibertsitate-ikasketetan (%3,5eko unibertsitate-eskolatze tasa), eta, 2018-2019 ikasturterako, 1.575.579 (%33) ziren. Bazirudien biztanle orok, bere klasea edozein izanik ere, unibertsitateko ikasketak egin eta etorkizun oparo bat berma zezakeela kapitalismoaren barruan, "esfortzu" eta "meritu" hutsaren bidez. Prozesu horren kontraesanak ikusten hasi dira ordea, aski ezagunak diren bi fenomenotan: unibertsitate-tituluen debaluazioa eta unibertsitatera sartzeko gutxieneko batez besteko noten igoera.
2020an, unibertsitaterako sarbiderako gutxieneko notak hamar gradutik ia zazpitan igo ziren
Merkatu-logikaren aritmetika sinple berbera da: zenbat eta ikasle gehiago lehiatu unibertsitateko plaza berberengatik, orduan eta zailagoa izango da nahi den gradura sartzea. 2020ko selektibitatea, 225.000 hautagaiekin baino gehiagorekin, inoizko jendetsuena izan zen, eta 2019ko gaindituen ia tasa bera izan zuen (%93). Ondorioz, Espainiako Estatuko unibertsitate publikoetako lehia "inoiz baino basatiagoa" izaten ari dela ohartarazten dute adituek. Horren erakusle da sarrera-noten igoera orokorra; hau da, ikasle batek gradu batera sartzeko duen kalifikazio baxuena igo izana. 2020an, unibertsitaterako sarbiderako gutxieneko notak hamar gradutik ia zazpitan igo ziren.
Ondorioz, gradu kopuru handi batera lehen saiakeran iristeko jada ez da nahikoa "nota ona" izatea, "apartekoa" izatea baizik. 2020an, 98 karreratan, 14ko notaren gainean 13 baino gehiagoko kalifikazioa behar izan zen, titulu bakoitza fakultate bakoitzean eta unibertsitate bakoitzean zenbatuta. 2019an, 30 titulutan sartzeko eskatzen zen 13 baino kalifikazio altuagoa. Beste 558 gradutan, 11 eta 13 artean behar izan zen 2020an; aurreko urtean 377 gradu izan ziren. Sarbide zailena dutenen artean, nota altuena galdegiten duten 20 titulazioetatik hamabostek berdin jarraitu zuten.
Ikasteko eta laneko aukerak maldan gora egiten diren testuinguru zail horretan, uler daiteke klase partikularren dopin akademiko hori: geroz eta lehiakorragoa den testuinguru akademiko batean, unibertsitatera, eta bereziki, unibertsitateko gradu onenetara sartzeko eskaria igotzen ari da, eskaintza bera den bitartean.
"Espainiako Estatuan klase partikularretan gastatzen diren hiru eurotik bi gaitasunak handitzeko eta hobetzeko erabiltzen dira, eta bat indartzeko eta berreskuratzeko"
Horren aurrean, familia dirudunenetako seme-alabek prestakuntza goren bat jasotzen dute oso gaztetatik, gastuaren igoera-zifretan eta horren nolakotasunean islatzen dena: "Espainiako Estatuan klase partikularretan gastatzen diren hiru eurotik bi gaitasunak handitzeko eta hobetzeko erabiltzen dira, eta bat indartzeko eta berreskuratzeko", azpimarratzen dute Morenok eta Martinezek. Familia proletarioetan, baliabide gutxien dituztenen etxeetan, kontrara, geroz eta handiagoa eta ezinezkoagoa da langabezia kronikoan ez jausteko egin behar den esfortzu akademikoa, eta beraz, ekonomikoa. Espainiako Estatuko kasua "joera globalari jarraiki" doala ondorioztatu dute ikerlariek.