AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mikel Segovia/El Independiente-ren bidez
2026/02/05 08:40

Bilbon (Bizkaia) Voxen aurkako protesta batean atxilotutako hamabi lagunen zigorrak berretsi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. "Desordena publikoak" eragitea leporatuta, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak urtebete eta lau hilabeteko zigorrak ezarri zizkien hamar pertsonari, eta bi urtekoak gainerako biei, "kalteak" sortzea ere egotzita.

Voxek mitin bat antolatu zuen Bilboko Euskalduna Jauregian 2019ko urriaren 20rako, eta ehunka pertsona elkarretaratu ziren inguruan arratsaldean, alderdi faxistaren aurka protesta egiteko. Manifestari antifaxisten kontra kargatu zuen Ertzaintzak, inguruko kaleetan istiluak piztuz. Hemezortzi lagun atxilotu zituzten ertzainek, haietatik sei adingabeak. Gainerako hamabi atxilotuak auzipetu egin zituzten.

Bi urterainoko espetxe-zigorrak ezarri zizkien Bizkaiko Auzitegiak, eta kondena ontzat eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. Kondenatutako pertsonetako batek Gorenera jo zuen helegite baten bidez, baina auzitegi horrek ere ontzat eman du Bizkaian jarritako zigorra. Hortaz, irmoa da epaia.

Berria-k gogorarazi duenez, garaian Voxeko idazkari nagusia zen Ortega Smithek manifestari antifaxisten aurka egin zuen. Haiengana hurbiltzen saiatu zen, eta Ertzaintzarengana jo zuen gero, elkarretaratutako pertsonen aurka kargatu zezatela eskatuz. Besteak beste, foam balak jaurti zituzten ertzainek antifaxisten kontra.

EZ DAGO IRUZKINIK