Martxoaren bukaeran zendu zen Walid Khalid Abdullah Ahmad, 17 urte zituela, Megidoko kartzelan. Israelgo Estatuak 2024ko irailean espetxeratu zuen bere aurkako inolako akusaziorik gabe, eta hainbat hilabeteren buruan galdu du bizia bertan. Middle East Eye komunikabideak jaso duenez, autopsia baten emaitzek erakutsi dute sionistek kartzelan ezarritako tortura-erregimena izan zela gaztearen heriotzaren kausa. Izan ere, Tel Aviveko Abu Kabir institutuan egindako autopsiak ondorioztatu du gosez hil zutela Walid.
"Jan falta, kolitisak eragindako diarreari lotutako deshidratazioa eta desnutrizio jarraituak larriagotutako arazo infekziosoak" identifikatu dituzte autopsian, Defence for Children International-Palestina erakundearen esanetan. Mediku-azterketan ikusi dute Walidek muturreko muskulu eta grasa galera jasan zituela espetxealdian, eta sarna eta urradurak ere bazituela, "traumatismo sendo" baten eta jipoi posibleen barne-zantzuez gain. Bestalde, atzeman dute arreta medikoa ukatu ziotela, eta horren guztiaren emaitza izan dela azkenean gaztea hil izana.
Palestinako Agintaritzak gaineratu du Walid dela sionisten atxiloaldi batean bizia galdu duen lehenengo adingabe palestinarra. 2023ko urritik hona, ordea, gutxienez 63 palestinarrek galdu dute bizia Israelgo Estatuaren presondegietan. Indar sionistek ematen dizkieten tratu txarrak ezagunak dira, aske geratutako pertsonen testigantzek eta heriotza sistematikoek frogatu duten modura. Salatu dute, dena den, espetxe sionistetako zigor-baldintzek okerrera egin dutela 2023ko urritik: askotariko torturak, bortxaketak, jipoiak, gosea, mediku-arreta falta, osasun-baldintza negargarriak, gaixotasunak eta abar jasan behar dituzte preso palestinarrek.