Salbuespen egoeratik "normaltasun berrirako" bidea egiteko planak aurkeztu dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek. "Normaltasun berrirako trantsizio plana" deitu dio zehazki Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, atzoko agerraldian -ideia bera aipatu zuen EAEko lehendakari IƱigo Urkulluk ere joan den igandean-. Iragarri dute lau fasetan egingo dutela bidea. Lehen hiru faseak "berraktibazio ekonomiko eta sozialera" bideratuta daude, eta laugarrenean iritisiko litzateke "normaltasun berria", ekainaren amaieran. Nolakoa izango da, ordea, "normaltasun berri" hori? Xehetasun askoren berri ez dute eman oraindik.
"Prozesua luzea" izango dela esan dute, eta "denboran iraungo duena". Besteak beste, kontrol sozialerako ezarritako neurrien bidez erabakiko dute fase bakoitzaren helburuak betetzen ari diren. "Urruntze soziala", hori bai, "estrategikoa" izango dela azaldu dute "ohitura berriei" buruz aritzean. Pentsatzekoa da, bitartean, kaleak eta bestelako guneak prestatuko dituztela "normatasun berri" hori bermatzeko.
Turismoa lehentasun, eta kirola banaka
Batez ere, turismoari nahiz leku itxietako "ekitaldi kulturalei" eta banakako kirolari begirako neurriak zehaztu dituzte -kirol kolektiboak debekatu egingo dituzte oraingoz-, baita kirolari profesionalentzako neurri bereziak ere. Aipamenik ez, esaterako, mugimendu librerako eskubideei, edota kalean biltzeko askatasunari, adierazteko nahiz elkartzeko eskubideei eta bestelako askatasun politikoei. Frantziako lehen ministro Edouard Phillipek iragarritakoaren arabera, esaterako, gehienez ere hamar pertsona bildu ahal izango dira kalean "normaltasun berri" horretan. Etxeetan biltzeko baldintzak ere ez dituzte zehaztu.
Gainerakoan, badirudi kontsumitzeko eta ordainpeko guneetan soilik elkartzea bultzatuko dutela, gobernuek iragarritako neurriei begiratuz gero. Komertzio, jatetxe, ostatu eta terrazei buruz eman dituzte xehetasun gehien; ohiko aforoaren %30 soilik erabili ahal izango dute, eta ondoren bezeroak bereizteko baldintza batzuk bete beharko dituzte. "Ekitaldi kulturalen" artean, zinemak, teatroak eta museoak soilik aipatu dituzte, eta zehaztu dute gehienez ere 50 lagun egon ahal izango direla eserita; "aire librean", 400. Frantziako Gobernuak ere antzeko bidea iragarri du.
Ekainaren amaierarako espero du Espainiako Gobernuak "normaltasun berri" horretara iristea; bitartean, esandakoen arabera, probintzia arteko mugimendurik ez dute onartuko, lanerako edo senideren baten hiletara joateko ez bada. Edouard Philippek dei egin du ahal den heinean telelanean jarraitzera, "gutxienez ondoko hiru asteetan".
Eskola, langileek haurrak uzteko
Eskolara itzultzeari
buruzkoak ere aipatu dituzte. Oro har, itxita egongo dira irailera
arte, bai Frantziako Estatuan nahiz Espainiakoan. Salbuespen batzuk
onartu dituzte, hala ere; Madrilek, esaterako, selektibitateko
probak egiteko.
Bitartean, plataforma
pribatuekin ari dira bideratzen prozesu osoa, eta haurrak eskolara
bidaltzea "boluntarioa"
izango dela aurreratu dute.