AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / donostitik.com
2025/12/02 10:18

Jupol eskuin muturreko lobby polizialak (bere bozeramaileak "narkotrafikoaren aurkako borrokan" exekuzio estrajudizialak defendatu izan ditu besteak beste) eta Telemadrid telebista-kate publikoak (PPren gobernuak kontrolatzen duena) bat egin dute berriz, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) kriminalizatzeko kanpaina mediatikoa bultzatzeko.

X sare sozialean egindako adierazpenetan, Jupolek esan du "kale-borroka bueltan" dela "Euskal Herrian eta Nafarroan". Eta zuzenean GKS seinalatu du horren erantzule gisa, hura mugimendu "abertzaletzat" joz. Leporatu dio, adibidez, Iruñean (Nafarroa) istiluak eragin izana Vito Quiles probokatzailearen ekitaldia eragozteko mobilizazio antifaxistan; Bilbon (Bizkaia) berdina egin izana, Euskal Selekzioa-Palestina partidan (nahiz eta ez zen inolako istilurik egon egun horretan); edo Donostian (Gipuzkoa) "ertzainak zauritu" izana, zehaztapenik egin gabe.

"Etxebizitzaren krisia eta Palestinaren aldeko protestak espazio publikoa hartzeko aitzakia gisa"

Telemadrid-ek plazaratutako "erreportajearen" izenburua Kale-borroka berria eta biolentoa da, eta Poliziaren lobbyak ere zabaldu du bere sare sozialetan. Bertan, GKSko kideak "abertzale, Palestinaren aldeko eta ezkerreko ultra" gisa deskribatzen dituzte. Hala ere, siglak eta desinformazioa nahasten ditu lanak, baieztatzen baitu "Bilduri lotutako Sortutik datozela" militante horiek, bai Sortuk bai GKSk lotura organiko faltsu hori behin baino gehiagotan gezurtatu arren.

Madrilgo telebista publikoak gazteei egozten die "beltzez ezkutatzea", "identifikatuak ez izateko asmoz", eta "informazio-lana egiten ari zen kazetari bati arrazoirik gabe eraso egitea" Quilesen aurkako protestan. Ondoren, GKSri aurpegiratzen dio, "ildo komunista nabarmenarekin eta ikasle-giroan sartuta", "etxebizitzaren krisia eta Palestinaren aldeko protestak erabiltzea espazio publikoa hartzeko aitzakia gisa"; protesta egiteko asmoz kaleak hartzea delitu potentziala izan daitekeela iradokitzen duen hizkera bat erabiliz.

Polizia-indarren "kezka" aitzakia modura

"Mugimendu erradikala da, oso bortitza, eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak kezkatzen ditu", esan du Jupoleko bozeramaileak, mamuak sortuz. Telemadrid-ek GKSren izaera "antolatua", "metodikoa" eta "borrokalaria" azpimarratu du. Baieztapen horiek guztiak, gazte-antolakundeko iturriekin inolako kontrasterik egin gabe eta testuingururik gabe zabalduak, protesta eta antolaketa estigmatizatzea helburu duen diskurtso-esparruaren parte dira. "Kazetaritza" lan hori, hain zuzen ere, eskuin muturreko polizia-lobbyen kontakizuna erreproduzitzera mugatzen da. Lobby horiek "erradikaltasunari eta indarkeria handiari" lotutako terminologia alarmista erabiltzen dute Poliziaren baliabide materialak, soldatak eta inpunitate judiziala areagotzeko aitzakia gisa.

Antena 3-en aldez aurreko buloak eta jazarpena: kriminalizazio-kanpaina

Telemadrid-eko "erreportajea" eta Jupolen esanak, isolatuak izatetik urrun, kriminalizazio-estrategia zabalago baten parte dira, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak berriki agerraldi baten bidez salatu duen modura. Azaroaren hasieran, Antena 3-ek "Istiluak Iruñean ezkerreko erradikalen eta Poliziaren artean, Erorien Monumentuaren eraisketa exijitzeko" lerroburu faltsua zabaldu zuen, 3.000 laguneko manifestazioa liskarrik gabe egin zen arren. Protesta antolatu zuten elkarte memorialisten esanetan, "Francok eta eskuineko jarraitzaileek ere manipulazioa erabili zuten 36ko kolpea prestatzeko, gure aitona-amonen borroka kriminalizatuz".

Kontakizun hori guztia eraikitzeko metodologiak aldez aurreko jazarpen-taktikak ere barne hartu zituen. Manifestazioa baino bi egun lehenago, Antena 3-eko langileek hainbat gazteri jazarri zieten Iruñerrian, eta hiriko Zentro Sozialistan eta bi tabernatan (tartean Mugimendu Sozialistarena) agertu ziren, bertan zeuden pertsonen aurpegiak baimenik gabe grabatzeko eta haien jarrera politikoei buruzko galderak egiteko, nahiz eta haiek adierazpenak egiteari uko egin eta alde egiteko eskatu.

Coviteren eta El Mundo-ren urratsak jarraituz

Azaroaren hasieran, eragin handiko Covite lobbyak ere GKS seinalatu zuen Iruñeko protesten eta istiluen ondoren, "kale-borroka" terminologia bera erabiliz eta zigorrak eskatuz. Consuelo Ordoñez bozeramaileak isunak eta zigor-araubide espezifiko bat eskatu zituen, "erradikalizazio bortitzaren arazoa larria" dela iritzita.

Irailean, El Mundo egunkariak artikulu bat argitaratu zuen, norabide berean. Palestinaren aldeko mugimendu osoa, Mugimendu Sozialistako antolakundeak eta bereziki GKS aipatzen zituen, Israelen presentziaren aurka La Vueltan izandako protesta masiboen "arduradun" gisa. Buloak, difamazioak eta oinarririk gabeko akusazioak bota zituen El Mundo-k, herri-mobilizazioak "ETAren" mantrarekin, "jihadismoarekin", "kale-borrokarekin" eta "Euskal Herritik joandako autobusekin" lotzeko saiakera gisa.

Mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioaren patroi historikoa

Mugimendu Sozialistak salatu izan du horrelako estrategia komunikatiboek gazte-mugimendu iraultzaileen kriminalizazioaren patroi historikoa jarraitzen dutela, bai Euskal Herrian, bai beste leku batzuetan. Joera hori berritu egiten da antifaxismoak, Palestinarekiko elkartasunak eta etxebizitzaren aldeko borrokak eragindako protesta masiboen aurrean. Izan ere, auzi horiek erakutsi dute milaka pertsona mobilizatzeko gaitasuna dutela, bereziki gazteak; Mugimendu Sozialistatik harago joanez eta ageriko deserosotasuna sortuz komunikabide handietan eta polizia-lobbyetan.

Aurreko adierazpenetan, Mugimendu Sozialistak ohartarazi du disidentzia politikoa "kaleko terrorismoa" eta "ultra" terminoekin etiketatzean, erakunde publikoek eta sektore ultraeskuindarrek oinarri kulturalak ezarri nahi dituztela protesta soziala deslegitimatzeko, hura "biolento" modura aurkezteko eta errepresio poliziala areagotzea eta eskubide politikoak ezabatzea justifikatzeko. Gainera, nabarmendu du sektore erreakzionarioek diru publikoarekin lagundutako plataformak erabiltzen dituztela, kasu honetan Telemadrid-ekin gertatu den bezala: interes korporatiboak dituzten eragile garrantzitsuek (hala nola Jupol) beren kontakizun sekuritarioa eta autoritarioa ezartzeko baliatzen dituzte espazio horiek. Gaineratu duenez, militantzia politiko komunista eta "biolentzia" publikoki berdintzea da horren guztiaren helburua, gazteria komunista antolatuaren aldarrikapen politikoak edukiz hustuz eta antagonismo sozialen benetako kausei buruzko eztabaida arrazionala eragotziz.

EZ DAGO IRUZKINIK