AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atutxa eta Goikolea, 2005ean. ARGAZKIA / EFE
2025/09/24 08:50

Konfiantzazko pertsona batengana jo du Eusko Jaurlaritzak EAEko Poliziaren akademia gidatu dezan, oposizioetako suspentso masiboei, hautaketa-prozesuko irregulartasunei eta barne-gatazkei loturiko polemika publikoen erdian. Gobernuak Jon Goikolea gasteiztarra aukeratu du Arkauteko zuzendari izan dadin, eta berak ordezkatu du Miren Dobaran.

Goikoleak ibilbide nabarmena dauka EAJren eskutik: 1992 eta 1998 artean, prentsa-arduraduna eta kabineteko arduraduna izan zen Juan Mari Atutxa Barne sailburu ohiarekin; beste 11 urtez izan zuen kargu bera Eusko Legebiltzarreko mahaiburutzan; eta 2009tik 2024ra artean, Itxaso Bilbao eurodiputatuaren laguntzaile-lanetan jardun zuen.

Arkaute zuzentzeko beterano bat hautatu dute, beraz, eta hainbat hedabidek esan dute horrek erakusten duela Arkauten izaten ari den "barne-krisi larria". El Correo-k "sinbolismoz" beteriko hautaketatzat hartu du Goikoleak kargua hartzea: "Juan Mari Atutxa Barne sailburu ohiaren eskuineko eskua izan zen, Euskal Poliziaren garai gogorrenetako batean". Eta gaineratzen du: "Ondo ezagutzen ditu Ertzaintzaren funtzionamendua eta barne-egitura [...]. Baita akademiako lan-arloko arduradun nagusietako batzuk ere, praktikan, polizia-formakuntzako zentroko erabaki nagusien zati handi bat hartzen dutenak". Egunkari horrek azpimarratzen du, bestalde, Arkauten "ordena jartzeko" agindua daukala Goikoleak.

El Correo-ren arabera, Arkauteko "botere-talde" batzuek eta Segurtasun Saileko beste kargudun batzuek ez zituzten atsegin Dobaranek eta bere zuzendaritza-kideek polizia-akademian ezarri nahi zituzten aldaketak, eta horren ondoren etorri zen haien dimisioa. Dobaranek abuztuan eman zuen dimisioaren berri, karguan urtebete baino gutxiago egin ostean, eta Jaurlaritzak ez du horri buruzko azalpen ofizialik eman.

Goikolearekin batera, zurrumurruek Asier Erkoreka aipatzen zuten Arkauteko zuzendari izateko hautagai gisa; segurtasun-koordinazioko zuzendaria da gaur egun. Jaurlaritzak esan du Goikoleak "lehen eskutik" ezagutzen duela Segurtasun Saila, eta idatziz azaldu du "akademiako hezkuntza-eredu berria" gauzatuko duela. Aldaketa horien artean omen dago polizia-gaiek Arkauten lo egitea eta online formakuntza sakontzea.

EZ DAGO IRUZKINIK