AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / CBS
2023/07/05 12:19

Okupatutako Zisjordanian (Israelek 1967an okupatu zuen) dago Jenin kanpalekua, Palestinako errefuxiatu ugari hartzen dituena: 14.000 errefuxiatu inguru bizi dira han. Astelehen goizaldean, ia 48 orduz luzatu den operazio militar bat hasi zuen Israelgo Armadak, Jeningo palestinarren kontra: Etxea eta Lorategia izendatu dute erasoa. Kanpalekua bonbardatu dute Israelgo indarrek, airetik nahiz lurretik; hegazkinak eta droneak erabili dituzte eta 1.000 soldatu baino gehiago batu dira erasora.

Gutxienez hamahiru palestinar erail eta ehundik gora zauritu dituzte, horietako batzuk larriki. Israelgo Armadak, gainera, zaurituak artatzea zaildu eta oztopatu die anbulantziei. Hori gutxi balitz, erabat suntsitu dute errefuxiatu-eremua, eta ez dago urik ez eta argirik une honetan. Israelgo Armadaren arabera, hogei "susmagarri" ere atxilotu dituzte operazioan.

Badirudi, oraingoz, errefuxiatu palestinarren kontrako erasoa amaitutzat eman duela Israelek, Benjamin Netanyahu lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez. Bigarren Intifadatik (2000-2005) egin duen eraso militarrik handiena izan da, eta oraingoan ere Palestinako miliziei aurre egitea hartu du aitzakiatzat. Zehazki, Jeningo Brigada Zisjordaniako "terrorismo-gune nagusia" dela esan dute oraingoan Israelgo autoritateek.

Egun hauetan 3.000 palestinar inguruk egin behar izan dute ihes Jeningo eremutik. Gaur goizean ekin diote batzuek euren etxeetara itzultzeari, baina erabat suntsituta topatu dute tokia. Israelgo Armada erretiratzen hasi denean, gainera, eraso egin die hilerri batean zeuden palestinarrei.

Israelen azken eraso masiboa salatzeko, protestak izan ziren atzo Zisjordanian. Mobilizazioetako batean, Al Bireheko hirian (Ramala alboan), 21 urteko gazte palestinar bat erail zuten Israelgo indarrek.

Ikusteke dago nola erantzungo dioten ofentsiba horri guztiari milizia palestinarrek. Tel Aviven, antza, palestinar batek hainbat oinezko harrapatu zituen atzo ibilgailu batekin, eta sastakatu egin zituen beste zenbait pertsona.

EZ DAGO IRUZKINIK