AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/10 00:09

Haserreak hartu zituen atzo Valentziako kaleak. Valentziako Erkidegoko Kultur-Ekintzak manifestazio batera deitu zuen arratsaldeko 18:00etarako, politikari profesionalek eta enpresaburuek hondamendian eta horren kudeaketan daukaten erantzukizuna salatzeko. Dozenaka kolektibok babestu zuten deialdia, tartean, Organització Juvenil Socialistak (OJS) eta Valentziako Etxebizitza Sindikatuak.

Bi antolakundeek egin zituzten zutabeak mobilizazio-deialdi orokorrera joateko. Valentziako Etxebizitza Sindikatuaren pankartak lau exijentzia zeramatzan: "berehalako birkokapena" DANAk kaltetuentzat, doako eta kalitatezko etxebizitzak, pisu turistikoen espropiazioa, eta hipoteken eta alokairuen ordainketaren etetea. OJSren zutabeko pankartak, berriz, honela zioen: Gure hildakoak, haien irabaziak. Enpresarien eta politikarien kontra, eraiki dezagun antolakuntza iraultzailea.

Valentziako Udaletxe Plazan batu ziren bi zutabeak manifestazio orokorrera. Jendetzak hartu zuen hiriaren erdigunea arratsaldeko 18:00etarako, politikari profesionalen eta enpresaburuen kontra, eta kaltetu guztiekin elkartasunez. Kalkuluen arabera, 130.000 lagun inguru mobilizatu ziren.

Gutxienez 223 pertsonak galdu dute bizia DANAren eta hondamenaren aurrean politikariek eta enpresek hartutako erabakien ondorioz, eta desagertuak dozenaka dira. Atzoko mobilizazioan, besteak beste, Valentziako Generalitateko presidente Carlos Mazonen dimisioa exijitu zuten.

Poliziaren kargak

Halako muturreko egoera batean ere, polizia-errepresiorik ez zen falta izan Valentzian. Arratsaldeko 18:30ak igarota, OJSren zutabearen kontra oldartu zen Espainiako Polizia, eta ez zion utzi manifestazioan aurrera egiten. Poliziak 19:00ak aldera kargatu zuen Udaletxe Plaza inguruan, eta indarrez bota zituen han inguruan zeuden manifestariak.

Manifestazioaren burua, dena den, 19:30ak aldera heldu zen ibilbidearen amaierara. Milaka lagun geldirik zeuden oraindik, kaleetan zegoen jendetza zela-eta, aurrera egin ezinik. Manifestazioa amaitzean ere jarraitu zuen Poliziaren jazarpenak: Generalitat inguruan, protestara ateratako jendetzaren kontra jo zuen.

Agenteei eta haien biolentziari aurre egin zieten bertan zeuden manifestariek. Hainbat orduz iraun zuten polizien probokazioek eta kargek, baina tinko eutsi zieten protestan zeuden pertsonek. Azkenean, Polizia Generalitateko Plazatik botatzea lortu zuten. Iluntzean zehar, gutxienez lau atxilotu izan ziren.

EZ DAGO IRUZKINIK