AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Consorci Provincial de Bombers de València
2024/11/15 13:05

Eguraldia zela-eta alerta gorria ezarrita zegoen arren, Valentziako Barne eta Justizia Kontseiluak errepideetan ibiltzeko ehunka baimen igorri zituen joan den asteazkenean. Onuradunak izan ziren, besteak beste, Mercadona, Consum, Aldi eta Lidl enpresak: beren langileak banaketa-lanekin jarraitzera behartu zituzten, gobernuak ahalbidetuta. Kontseiluko idazkariorde Ricardo Garcíak sinatu zuen baimen-dokumentua, asteazkenean, 16:47an.

Aste honetarako iragarri zuten bigarren tanta hotz bat, DANA (Depresión Aislada en Niveles Altos, gazteleraz) deiturikoa, eta testuinguru horretan eman zuen aipatutako baimena Garcíak. Antza denez, Lan Ministerioaren legeria berriaren aurka egiten zuten baimen horiek, bi xedapen zehatzi dagokienez.

Izan ere, alde batetik, Meteorologiako Estatu-Agentziak (Aemet, gazteleraz) edo organo autonomiko batek "gertakari meterologiko larri baten maila laranjako edo gorriko abisu bat ematen badu, derrigorrezkoa izango da lan-baldintzak egokitzea", legeriak zehazten duenez. Bestetik, alerta-egoeretan, lantokietan ez ezik, "enpresatik kanpo erabilitako garraioari ere aplikatzen zaizkie" baldintza horiek.

Funtsezko sektore bat izatea aitzakia

Mercadonaren arabera, "funtsezko sektore bat" osatzen duelako lortu zuen martxan segitzeko baimena, eta "populazioa hornitzeko" mugitu behar omen zituen beharginak. Espainiako Estatuko Lan-Ikuskaritzaren arabera, banaketa-enpresek baliozko agiritzat jo zituzten aipatutako baimenak, legearen aurka egiten zuten arren. Hala behartu zituzten langileak lanean jarraitzera, Aemetek alerta gorria eman zuen arren. Antza denez, 80 espediente eta ikerketa inguru ireki ditu Ikuskaritzak.

EZ DAGO IRUZKINIK