EFEMERIDEAK / Dana

Urriak 29: GOIDIak Valentzian eragindako uholdeak

2024ko urriaren 29an, Valentziako lurraldean uholde izugarriak eragin zituen GOIDIk. Uholde naturaletik harago, kasua ezagun egin zen haren kudeaketa politikoagatik.
Urriak 29: GOIDIak Valentzian eragindako uholdeak
— ARGAZKIA Mikel Bejarano

EFEMERIDEAK

Gaurko egunez, duela bi urte, GOIDI deiturikoak (DANA) Mediterraneoko isurialdea astindu eta uholde izugarriak eragin zituen Valentziako lurraldean, 2024ko urriaren 29an, hain zuzen. Orotariko azpiegitura txikitu zuen maiz, eta gutxienez 231 pertsonak galdu zuten bizia hondamendi hartan. Gerora ere, beste bi lagun hil ziren garbiketa-lanetan.

Hondamendi naturalak beste hainbat kalte eragin zituen: 2.500 lagun zauritu baino gehiago egon ziren, 300.000 pertsonak baino gehiagok hondamendia pairatu zuten, eta osasun-langileek 80.000 pertsona ingururi antzeman zieten trauma osteko estresa. Kostu ekonomikoei dagokienez, ia 30 milioi euroko kalte publikoak kalkulatu zituzten, eta zenbateko horri familia partikularren galerak gehitu behar zaizkio. Bestela ere, ia 16.000 etxebizitza kaltetu zituzten uholdeek, eta horien %10 inguru ez ziren sekula gehiago bizitoki egoki bat izan. Denera, 275.000 langile ingururi eragin zien GOIDIak, aurreko guztiaz gain uholdeek osasun- eta hezkuntza-azpiegituretan edo auto partikularretan eragindako kaltea kontuan hartuz gero.

Alabaina, uholde naturaletik harago, kasua ezagun egin zen haren kudeaketa politikoagatik. Izan ere, Carlos Mazon (PP) ordu hartako Valentziako Generalitateko presidenteak eta haren gobernuak goizean goizetik jaso zuten hondamendi-arriskuaren ohartarazpena, baina gaualdera arte ez ziren larrialdien kudeaketarako egoitzara joan (0. guneko hiru udalerritan arratsaldeko lehen ordutik pairatu zuten hondamendia). Hori horrela, arratsalde osoan zehar larrialdi-deietako zerbitzuek huts egin zuten, eta erreskaterako taldeak ez zituzten mobilizatu. Hurrengo egun eta asteetan, Mazonen taldeak beste hainbat erabaki negargarri hartu zituen: esaterako, dozenaka familia artatu gabe zeudela, hainbat egunez erreskate-talde batzuei laguntza ez eskatu izana, edo beste lurralde batzuetatik bidalitako laguntzak onartu ez eta jatorrizko lekuetara itzularazi izana.

Urriaren 29ko arratsalde hartan, hondamendia kudeatu ez izana justifikatzeko, "laneko bazkari pribatu bat" alegatu zuen lehendakari ohiak. Gaur, hondamendia jazo eta bi urtera, kasuaren kudeaketari buruzko ikerketa judiziala irekita dago, baina Mazon epaiketa aurreko fase batean ari dira ikertzen. Fiskaltzak honako delitu hauek leporatu dizkie Mazoni eta bere taldeko hainbat sailburu ohiri: giza-hilketak eta lesio zein kalte zuhurtziagabeak eragin izana, prebarikazioa, langileen eskubideen aurka aritu izana, eta artatzeko betebeharra urratu izana.