Gaur, urriak 10, Donostiako (Gipuzkoa) Stop Kaleratzeak plataformak salatu du lau emakume eta haien haurrak etxegabetu nahi dituela Eusko Jaurlaritzak. Egun, Gipuzkoako hiriburuko Intxaurrondo auzoan bizi dira. Duela bost urte, gazteei zuzendutako etxebizitza programa batean sartu ziren laurak. Jaurlaritzaren eskaintzaren arabera, gehienez bost urtez bizi zitezkeen etxe horietan. "Diru-sarrera eta etxebizitza publikorako eskubidea galdu nahi ez bazuten, baina", baldintza hori onartu behar zuten derrigor.
Igaro dira bost urteak, eta Jaurlaritzak mehatxu egin die kaleratzearekin, "beste alternatibarik eskaini gabe". Jaurlaritzaren asmoa betez gero, kale gorrian geratuko dira lau familiak. Stop Kaleratzeak plataformak salatu duenez, etxebizitza eskubidea "paperean baino ez dago", eta Jaurlaritzak ez du "inolako lotsarik familia gurasobakarrak, emakumeak, haur txikiak eta desgaitasunak dituzten pertsonak kalean uzteko".
Euskal Herrian beste hainbat dira egoera berean dauden familiak. Datozen egunetan, emakume bat eta 15 eta 6 urteko bi haur etxegabetu nahi ditu Jaurlaritzak Barakaldon (Bizkaia), etxebizitzaren alokairua ordaindu ezin dutelako.