Familia bat etxetik kaleratuko dute Barakaldon

Aurki kaleratuko dituzte etxetik emakume bat eta 15 eta 6 urteko haren bi semeak, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Ezin dute etxebizitzaren alokairua ordaindu; hala, uztailean bota behar zituzten bertatik, baina epaitegi batek bi hilabeteko luzamendua ezartzea lortu zuten. Dena den, datozen egunetan izango da kaleratzea.
Argazki Nagusia
Argazkia: Naiz
2019ko urriaren 08a

Uztailaren 30ean kaleratu behar zuten Barakaldoko (Bizkaia) familia bat etxetik, baina kaleratzea atzeratzea lortu zuten, epaitegi batek bi hilabeteko luzamendua ezarrita. Hala, alokairuzko etxebizitzan bizitzen jarraitu dute 41 urteko emakume batek eta 15 eta 6 urteko haren bi semeek, baina jakinarazi dutenez, datozen egunetan botako dituzte bertatik. Ezin dute alokairu soziala ordaindu; beraz, etxebizitzatik kaleratzea eskatu du Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak.

Argitan eta Berri Otxoak elkarteek azaldu dutenez, Barakaldoko Udalaren gizarte baliabideetako arduradunekin, Jaurlaritzaren Etxebizitza Zerbitzuarekin, edota Etxebide sozietatearekin jarri da harremanetan etxegabetzea geratzen saiatzeko edota beste irtenbideren bat bilatzeko, baina gaur gaurkoz, ez dago erantzunik mahai gainean, eta martxan da etxe kaleratzea.

Bestalde, gogorarazi dute etxegabetzeak ekiditeko protokoloa sortu zutela 2013. urtean Jaurlaritzak, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialen Kontseilu Nagusiak. Iragan otsailean berritu zuten. Protokoloan jaso zutenaren arabera, gizarte zerbitzuek "berehalako premiazko erantzuna" eman behar diote kaleratzeko arriskuan dagoen eta baliabide ekonomikorik ez duen edozein familiari, baita etxebizitza bat lortzea bermatu ere. Gainera, azpimarratu dute genero indarkeria jasan zuela etxetik botako duten emakumeak.