AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/11 19:12

Aurrera doa urria eta aurrera doa ikasturtea, baina selektibitate-eredu berriari buruzko argipenik jaso gabe jarraitzen dute batxilergoko ikasleek Hego Euskal Herrian. Hala, bizitzen ari diren "ezegonkortasuna izugarria" dela azaldu du Ikasle Abertzaleakek (IA), eta azpimarratu du ikasleak direla egoera horretan kaltetuenak. Ikasle-antolakundeak mobilizatzera deitu zuen gaurko hainbat hiriburutan eta herritan, Ez jolastu gure etorkizunarekin lelopean.

Gaur goizean, beraz, batxilergoko ehunka ikasle atera dira kalera. Besteak beste, protestak egin dituzte Arrasaten (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Hernanin (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa) edota Mutrikun (Gipuzkoa).

"Gure etorkizunarekin jolasten ari dira, eta ezin dugu onartu", ohartarazi dute: "Gu lasaitzeko mezuak zabaltzen ari diren arren, politikari profesionalak ez dute arazoa konpontzeko ezertxo ere egin, beraz, alferrikako hitzak dira". Oroitarazi dute, gainera, hainbat lekutan mobilizatu direla ikasleak selektibitate berriari buruzko informazio eske, eta haien kontra oldartu dela Polizia.

Kritika selektibitateari

"Eredu berria publiko egitea exijitzeaz gain, selektibitatea bera kritikatu nahi genuke", argitu dute gaurkoan IAko kideek: "Alferrikako lan-karga eta presioa ekartzen dizkigu, gaitasun ekonomiko gutxien dituztenentzat zailagoa da azterketa hori ondo prestatzea, eta indibidualismoa nahiz ikasleon arteko lehia sustatzen ditu". "Selektibitateak hezkuntza-sistema kapitalistaren benetako aurpegia erakusten digu; iluna eta ikasleon interesen guztiz kontrakoa", gaineratu dute.

Horren kontra, ikasleen interesei eta beharrei erantzungo dien hezkuntza-sistema bat aldarrikatu dute berriz; "ikasleon ongizatea zainduko duena, heziketari garrantzia emango diona, zigor, debeku edota kontrolaren aurrean ikasleon eskubideak bermatuko dituena… Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala. Hezkuntza-sistema sozialista".

EZ DAGO IRUZKINIK