AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/01 12:34

Iruñean (Nafarroa), duela gutxi egin dute Karpi deituriko operazioa Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak, eta bideoz grabatu ostean, sekulako hedapena eman diote sareetan: bai Nafarroako Gobernuak, bai komunikabideek. Horren harira sortutako zirku mediatikoa dela-eta, agerraldi bat egin dute gaurkoan Iruñerriko Kontseilu Sozialista, Nafarroako Salhaketa, Dar Etxea, Pertsona Migratuendako Informazio Gunea, Elkarri Laguntza, Paris 365, Elkarte, Haritu eta Nafarroako SOS Arrazakeria eragileek.

Salatu dute interbentzio polizialari eman nahi izan zaion "ikusgarritasuna" ez dela bat ere beharrezkoa "aurrez planifikatutako operazioetan": "Ulertzen dugu ekintzaren erakustaldi publiko eta mediatikoak, prozesu eraginkor edo proportzionatu bat bermatu baino gehiago, propagandarako edo zigor sozialerako tresna bihurtzen duela, zigorraren antzezpenaren bidez, gizartean eta komunikabideetan inpaktu sozial eta mediatikoa sortzea bilatuz". 

Aipatutako kolektiboek ohartarazi dutenez, bestalde, "gizarte-estereotipoak indartzen" dituzte operazioaren inguruan zabaldu diren irudiek eta "atxilotutako pertsonen nazionalitatea, jatorri etnikoa edo administrazio-egoerari buruzko xehetasunak" emateak, "diskurtso arrazista eta xenofoboak elikatuz". Eta, gaineratu dutenez, horrek guztiak "behar gabeko alarma soziala sortzen du eta auzo edo kolektibo jakin batzuk berez arriskutsuak direla pentsarazten du [...], gorroto eta bazterketa diskurtsoak indartuz".

Ikus-entzunezko ekoizpena

"Bitxia da gehienetan herritarrek, beren eskubidea baliatuz, jarduera polizialak grabatzen dituztenean, Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik mehatxatuak edo zigortuak izaten direla", gogorarazi dute: "Oraingoan erabaki da jarduketak osorik grabatzea eta berehala argitaratzea". Horiek horrela, seinalatu dute "ikus-entzunezko ekoizpen" bat izan dela zabaldutakoa; "izan ere, operazioaren bideoaren filtrazioak eta zabalkundeak, eta eskuin muturraren erabilera oportunistak, diskurtso arrazista, zigortzaile eta autoritarioa hedatzeko balio izan du".

Horri lotuta oroitarazi dute polizia-operazioak "aurretik entsegu ugari izan dituela gure kaleetan egunero gertatzen diren kontrol identitario arrazisten bidez, non populazio arrazializatua kontrolatu eta sailkatzen den", baina egunerokoan grabatu gabe. Salatu dute kontrol horiek areagotzen ari direla, "polizia-presentzia etengabea justifikatzeko narratiba elikatuz". "Ez da delinkuentzia prebenitzeko edo aurka egiteko tresna bat, baizik eta bazterketa eta muga normatiboen esperimentazio laborategia", gehitu dute: "Gatazka politiko eta sozialak ez dira errepresioz konpontzen".

Aterabide teknokratikoa: Polizia, kontrola, zigorra

Gaur bildutako kolektiboek kezkaz azaldu dute "gorroto eta bazterketa diskurtsoek oihartzun kezkagarria aurkitzen" dutela "politika publikoetan eta diskurtso instituzional eta sozialean". "Segurtasuna, kontrola eta ordena merkantzia politiko gisa saltzeak, ezkerretik eskuinera, ematen duen etekin politikoak erakusten du beldurra bihurtu dela mobilizazio elektoralaren motor nagusi mundu mailako ziurgabetasun gero eta handiagoaren testuinguruan", diote.

Horrekin batera, uste dute "herritarren ondoeza kudeatzeko bide teknokratikoari heltzen" zaiola, "segurtasunik ezaren kausa estrukturalei" heldu ordez; alegia, "polizia gehiago, kamera gehiago, zigor gehiago". Eta iritzi diote, gainera, hori guztia ez datorrela bat "status quo-aren" interesekin bakarrik: "Erabat egokitzen zaie erdi-mailako klaseen antsietateei".

Aipatutako kolektiboek, hortaz, "erantzukizun instituzionala, informazioaren zehaztasuna eta gure gizartean jada prekarizatutako sektoreen kriminalizazio estrukturala betikotzen duten praktikak berehala etetea" eskatu dute. 

EZ DAGO IRUZKINIK