AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Frantziako Armadaren ontzi bat. ARGAZKIA / Xataka
2024/02/20 08:33

Europar Batasunak esku-hartze militar berri bati ekingo dio Itsaso Gorrian: Aspides. Europar Batasuna osatzen duten estatuetako Atzerri ministroek atzo onartu zuten misioa; teorian, Itsaso Gorritik doazen merkataritza-ontzi mendebaldarrak Yemengo Ansarullah mugimenduaren erasoetatik babesteko.

Operazioan parte hartuko dute Alemaniako, Frantziako, Greziako eta Italiako fragatek, eta Grezia izango da buru. Izan ere, Larissako (Grezia) kuartel nagusitik gidatuko dute misioa. Gerra-itsasontziez gain, badirudi hegazkinak ere erabiliko dituztela Europar Batasuneko kideek.

Itxura denez, aipatutako estatuek eskolta emango diete Itsaso Gorritik doazen merkataritza-ontziei; baina baita Persiar Golkotik, Omango Golkotik edota Adengo Golkotik igaroko direnei ere. Ustez Yemendik jaurtitako misilei edo dronei ere egingo diete eraso, Europar Batasunaren arabera.

Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak abiatutako ofentsibarekin (Oparotasunaren Zaindari misioa) eta Europar Batasunak berak hasitako mugimenduekin (Atlanta misioa) uztartuko dute Aspides izeneko esku-hartze berria. Teorian, Ansarullah-ko milizianoen erasoen aurka erantzutea izango da asmoa. Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak, dena den, hainbatetan jo dute erasora Yemenen.

Iazko azarotik hona, Itsaso Gorria zeharkatzen saiatu diren hainbat ontziri eraso die Yemengo Ansarullah-k, Palestinarekin elkartasunez: mendebaldarrak edo Israelgo entitate sionistarenak ziren itsasontzi horiek. Itsaso Gorritik igarotzen da munduko komertzioaren %10 eta %15 artean, eta Itsaso Gorria eta Adengo Golkoa lotzen dituen Bab el Mandeb itsasartea da, munduan, itsas-merkataritzarako erabiltzen den bide nagusietako bat. Yemendik egindako erasoek, beraz, kolokan jarri dute Mendebaldearen itsas-merkataritza, besteak beste.

"[Aspides] Operazioak funtsezko eginkizuna izango du merkataritza- eta segurtasun-interesak babesteko, Europar Batasunaren eta, oro har, nazioarteko komunitatearen onerako", esan du Josep Borrellek, Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politika Erkideko Goi-Ordezkariak.

EZ DAGO IRUZKINIK