Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta beste urte batez, kalera ateratzera deitu du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak. Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki! lelopean, Euskal Herriko 32 herritan antolatu ditu mobilizazioak Itaiak, eta milaka lagunek egin dute bat deialdi horiekin.
Arratsaldean izan dira mobilizazioak; hain zuzen, Bilbon, Portugaleten, Basaurin, Lekeition, Ondarroan, Bermeon, Gernikan, Mungian, Otxandion, Elorrion, Abadiñon eta Durangon (Bizkaia); Gasteizen (Araba); Ibarran, Tolosan, Zestoan, Azkoitian, Azpeitian, Legazpin, Ordizian, Urretxu-Zumarragan, Beasainen, Bergaran, Donostian, Hernanin, Irunen eta Zarautzen (Gipuzkoa); Itsasun (Lapurdi); Iruñean, Lakuntzan, Altsasun eta Lizarran (Nafarroa).
Emakume langileen egoera, okerrera
"Gaurko egunean beharrezko ikusi dugu emakume langileok pairatzen dugun
eraso eta zapalkuntza oro salatzea", adierazi dute Itaiako kideek aurtengo Martxoaren 8an. Azaldu dute emakume langileen bizi-baldintzek okerrera egin dutela "testuinguru ekonomiko, sozial eta kulturalaren gainbehera garai honetan"; horren isla dira, haien esanetan, "lan-baldintzek okerrera egin" izana nahiz, "prezioen igoera medio, "gure bizitzak garestitu" izana. "Emakume langileok bigarren mailako subjektu izatearen ondorioz, krisi kapitalistak gogor kolpatu gaitu", gaineratu dute.
Esan dute, bestalde, murrizketak izan direla "estatu eta administrazio publikoek bermaturiko zaintza zerbitzuetan, baita pribatizazioak ere. "Lan-karga horietako asko etxera bueltan dakartza" horrek, eta sarri "emakumeon gain jausten" direla dio Itaiak. "Emakume langileok pobrezia egoerara kondenatuta gaude: lan ezegonkorrak, ordaindu gabeko lanak, kalitate penagarriko etxebizitzak, eta abar", ondorioztatu du.
Horri guztiari, burgesiak martxan duen "ofentsiba kulturala gehitzen" zaiola diote Itaiako kideek; "hau da, errealitatea ulertzeko eta bizitzeko formaren inposizioa". Horren harira, azpimarra egin diote, hain justu, "gizartearen hipersexualizazioari". Azaldu dute "sexu-industriak eta bere oinarrian kokatzen den industria kulturalak, gero eta etekin ekonomiko handiagoak izateaz gain, emakumeon muturreko sexualizazioa indartzen" dutela. Ikus-entzunezko tresnek hori ahalbidetzen eta errazten dutelakoan daude; esaterako, "sare sozialek, telebistako reality saioek zein komunikabideek emakumeon aurkako indarkeria normalizatzen" dutela salatu dute.
"Egoera horrek ondorio larriak ditu emakume langileongan", ohartarazi dute: "Alde batetik, osasun fisiko zein emozionalean arazo larriak dakartza, eta indarkeria matxista erreproduzitzen du. Bestetik, eta aurrekoari lotuta, zapalkuntzaren betikotzea dakar". Itaiak nabarmendu duenez, "arazo pertsonalek", besteak beste, "nekezago egiten" dute "emakumeak politikaz, hots, auzi orokorrez arduratzea"; "erasoek", bestalde, "langileon batasuna zailtzen" dutela gogorarazi du, eta horrek "zapalkuntzari aurre egiteko baldintzak oztopatzen" dituela.
"Proletarizazio prozesua bizitzako eremu guztietan jasaten ari gara, eremu materialean eta kulturalean. Horrek guztiak emakume langileon zapalkuntza sakontzea eta aldatzea ekarri du", ondorioztatu eta laburbildu du.
Proposamen feministaren mugak
Bizi-baldintzen okerragotze orokorrak "proposamen feministaren mugak agerian uzten" dituela seinalatu dute Itaiako kideek. "Programa feministak, emakumeok gainontzeko gizarte sektoreen eskubide berdintasuna lortzea oinarri hartuta, aitortza formalera bideraturiko politikak ditu helburu. Horrela, sistema kapitalistaren baitan emakumeon zapalkuntzari aterabide bat emateko aukera irekitzen da", ohartarazi dute.
"[Proposamen feministak] Ez du kontuan hartzen emakume langileon zapalkuntza harreman kapitalistetatik eratorritako egiturazko zapalkuntza dela. [...] Burgesiak, gero eta irabazi ekonomiko handiagoak eskuratzeko, ezinbestekoa du gutxiago kobratuko duen, etxeko lanak egingo dituen edota guztiz despolitizatuta egongo den bigarren mailako subjektuak edukitzea, kasu honetan, emakumeon egoeran ikus dezakegun bezala", zehaztu dute. "Proposamena [feminista] klase altuko emakumeentzako aterabide izan badaiteke ere, ez du inolako baldintza politikorik jartzen emakume langilea askatzeko; besteak beste, ez duelako gizarte kapitalista gainditzeko inolako programa politikorik proposatzen", gehitu dute.
Gogoan izan dute, gainera, "alderdi politiko instituzional gehienek" egin dutela bat aldarri feministekin, eta "politika feministak sustatzea" erabaki dutela. "Egungo instituzioak, baina, burgesiaren erremintak dira, eta argi dago oligarkiak ez duela berdintasun erreala sustatzeko inolako interesik. Azken horren mailegurik gabe, dena den, ezkerreko alderdiek gutxi dute egiteko instituzioetan. Aldarri feminista zabaltzen badute ere, errealitatean, zapalkuntza bera betikotzen duen logika kapitalista indartu besterik ez dute egiten", adierazi du Itaiak.
"Emakume langilea askatzeko, beraz, gizarte kapitalistaren oinarri ekonomikoak gainditzea beharrezkoa izango da. Horrek baimenduko digu zapalkuntzarik gabeko gizarte baten eraikuntzarako baldintza sozial eta kulturalak bermatzea", jarri du mahai gainean.
Sozialismoaren eraikuntza
Aurtengo Martxoaren 8rako aukeratutako leloari erreferentzia eginez bukatu ditu gaurko adierazpenak Emakumeen Antolakunde Sozialistak: "Emakume langileok gure zapalkuntza egoeratik askatzeko modu bakarra Estatu Sozialista eraikitzea da, eta horretarako ezinbestekoa da komunismoaren eraikuntza helburu duen antolakuntza politikoa gorpuztea".
"Hemendik aurrera ere, komunismora bidean, klaserik eta, beraz, zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzan, emakume langileok jasaten ditugun zapalkuntzen aurka borrokan jarraituko dugu", argitu du. Hala, funtsezkotzat jo du "emakume langileon interes politikoak lehen lerroan jartzea" eta "emakume langilea subjektu politiko bihurtuko duen antolakuntza politikoa" indartzea.