AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Descifrando La Guerra-tik hartutakoa
2025/06/16 09:46

Israelgo Estatuaren eta Irango Errepublika Islamikoaren arteko gatazkak urteetan izan duen gorakadarik handiena bizi izan du asteburu honetan. Izan ere, elkarren arteko hiru eraso egin dituzte jarraian, eta gaur goizaldean bertan, orain arteko erasorik handiena gauzatu du Iranek. Horrek guztiak maila izugarrietara eraman du jada guda.

Ostiral goizaldean, estatu sionistak Lehoiaren Altxamendua operazio militarra abiarazi zuen Irango ehun bat helbururen aurka (instalazio nuklearrak eta Guardia Iraultzailearen egoitzak barne), eta ordutik, hainbat misil balistiko eta drone jaurti ditu Iranek. Bi herrialdeek misilak eta mehatxuak trukatu dituzte euren artean, tentsio goreneko giroan.

Iranen, sionisten bonbardaketek gutxienez 224 hildako eta 1.000 zauritu baino gehiago eragin dituzte hemezortzi probintziatan, datu ofizialen arabera. Biktimen artean goi-agintari militarrak daude, hala nola Mohamad Kazemi Guardia Iraultzaileko inteligentzia-burua eta bere bigarrena, Hasán Mohaqeq, Teheranen hil baitituzte azken erasoetan. Biktima zibil ugari ere izan dira, bizitoki-eremuetan Israelgo Estatuak egindako bonbardaketen ondorioz.

Horri guztiari erantzunez, Iranek zortzi misil balistiko bota ditu dagoeneko lurralde okupatuen aurka, eta hamahiru pertsona hil eta 150 zauritu baino gehiago eragin ditu, azken datuek diotenez. Israelgo defentsa-sistemek ehun drone eta misil baino gehiago geldiarazi omen dituzte, nahiz eta zenbait hirik, Haifak kasu, zuzeneko inpaktu larriak jasan dituzten. Haifako findegia, okupatutako Palestinan petrolioa prozesatzeko azpiegiturarik handiena, Irango misilek jo zuten asteburuan.

Agintarien adierazpenak, gogorragoak

Eskalada betean, bi gobernuek gogortu dituzte elkarren arteko mezuak. Israelgo Estatuak ohartarazi du "Teheranek su hartuko" duela erasoek jarraitzen badute; eta Iranek, berriz, Palestinako lurralde okupatuak uzteko eskatu die sionistei, "haien bizitzak salbatu" nahi badituzte.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak baieztatu du Irango uranioa aberasteko planta nagusia suntsitu dutela Natanzen. Ziurtatu du entitate sionistaren helburua ez dela "erregimen aldaketa bat", baina ez du baztertu epe luzerako ondorioak izatea.

Munduko estatuek eskualdeko gerra baterako arriskua dela-eta kezka agertu duten bitartean, Donald Trump AEBetako presidenteak "bake-akordio bat lortzeko bitartekari-lanak" egingo dituela esan du. Oraingoz, baina, ez da su-etenik espero.

Egoerak oso aldakorra izaten jarraitzen du, beraz: bi aldeek iradoki dute erasoek datozen egunetan ere jarrai dezaketela, eta aste hau erabakigarria izango da gatazkaren bidea zehazteko.

EZ DAGO IRUZKINIK