AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @gazanotice
2025/07/07 09:03

Azken egunotan, Israelgo Estatuak erasoak egin ditu Gazako Zerrendan, Libanon eta Yemenen. Gutxienez 82 pertsona hil zituzten igandean Palestinako enklabean; tartean, elikadura-laguntzaren zain zeuden hamar lagun eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Gazan duen eskola batean zeuden sei adingabe errefuxiatu, Al Jazeera-ren arabera.

Sionisten bonbardaketek etxebizitzak eta babeslekuak suntsitu dituzte berriz ere, eta erreskate-taldeek euren eskuekin bilatu behar izan dute bizirik atera den jendea, hondakinen artean. Al-Shifa eta Al-Aqsa Martiriak ospitaleek, esaterako, hainbat biktima berri izan direla jakinarazi dute, klinikei, apartamentuei eta errefuxiatu-esparruei gauez egindako erasoen ondorioz.

Erasoak Yemenen eta Libanon, su-etenari entzungor eginez

Aldi berean, Israelgo Estatuko indarrek aireko eta drone bidezko eraso gehiago egin dituzte Libanoko ekialdean eta hegoaldean. Libanoko Osasun Ministerioaren eta NNA agentzia ofizialaren arabera, sionisten bonbardaketek gutxienez pertsona bat erail eta hainbat zauritu dituzte Bint Jbeil, Shebaa eta Chaqra herrietan, baita azpiegitura zibiletan eta etxebizitzetan ere.

2024ko azaroan su-etena formalki sinatu arren, Libanori eraso egiten jarraitzen du Israelgo Estatuak: zortzi hilabetean 3.700 aldiz baino gehiagotan urratu du su-etenerako akordioa, Libanoko agintaritzen arabera, 195 hildako eta 433 zauritu baino gehiago eraginez.

Yemenen, berriz, Israelen gerra-hegazkinek Hodeida, Ras Isa eta Salif portuak bonbardatu dituzte, baita zentral elektriko bat ere, esanez toki horiek "huthiek armak transferitzeko eta Israelen eta nazioarteko nabigazioaren aurkako erasoak antolatzeko erabiltzen zituztela". Tokiko iturriek eta nazioarteko hedabideek jakinarazi dutenez, eraso horiek biktimak utzi dituzte eta kalte handiak eragin dituzte Yemengo herritarrentzat funtsezkoak diren azpiegituretan.

Ansarullah Mugimenduko buru Abdulmalik Badredin al Hutik salatu du bonbardaketek "yemendarren bizi- eta biziraupen-baliabideak kaltetzea" bilatzen dutela, eta ziurtatu du Yemenek ez duela atzera egingo Gazari laguntzeko eta Israelgo Estatuaren erasoari erantzuteko esku-hartzeetan.

Libanoko Hezbollahk, bestalde, Israelen edozein erasori erantzungo diola berretsi du, aldarrikatuz oldarraldi sionistaren hedapenak erantzun proportzionala eta biziagoa izango duela. Mugimenduak gaitzetsi duenez, estatu sionista Libanoko lurraldearen aurkako erasoak egiten ari da egunero, biztanleria zibila kaltetuz eta eskualdea ezegonkortuz.

Su-etenerako aukera Gazan?

Donald Trump AEBetako presidenteak defendatzen du "aukera ona" dagoela Israelgo Estatua eta erresistentzia palestinarra aste honetan iristeko su-etenerako akordio batera. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Washingtonera joan da gaur, Trumpekin biltzeko eta proposamena eztabaidatzeko.

Hamasek "erantzun positiboa" eman dio proposamenari, baina laguntza humanitarioa NBEk kudeatzea eta Israelek Gazan duen okupazio militarra onartutako eremuetara mugatzea eskatzen du, gerra genozida amaitzeko negoziazioak 60 eguneko su-etenaren lehen egunean hasteaz gain. Netanyahuk, bestalde, Hamasen eskaerak "onartezinak" direla esan du, baina negoziatzaileak bidali ditu Qatarrera, nazioarteko presio gero eta handiagoaren erdian.

Frantzia eta BRICS taldea

Bien bitartean, Frantziako Estatuko legelariek Israelgo Estaturako material militarraren bidalketa etetea eskatu diote Justiziari, nazioarteko krimenen konplizitateaz ohartaraziz. BRICS taldeak (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika), berriz, "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena eskatu du, baita indar sionistak Gazako Zerrendatik erabat erretiratzea ere. 

EZ DAGO IRUZKINIK